Hala adierazi du Mikel Jauregi Industria Sailburuak Vocento taldeari eskainitako elkarrizketa batean.
Glavista eta Guardianen azpiegiturei "irtenbidea eta etorkizuna" emateko akordio bat laster lortu ahal izatea espero du Mikel Jauregik. Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuak Vocento taldeari eskainitako elkarrizketa batean.
Hala ere, "zuhurtzia" eskatu du sailburuak, operazioa modu egokian ixteko "zortzi aurreakordio" sinatu behar direlako, elkarren artean "baldintzatuak eta lotesleak" direnak. "Hilabeteak daramatzagu negoziazioetan aurrera egiten, oso konplexuak baitira. Edo dena adosten da edo ez dago akordiorik", azaldu du Jauregik. Hori bai, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari dagokien zatia itxia dagoela jada.
Tubos Reunidosen egoerari buruzko adierazpenak ere egin ditu Jauregik elkarrizketan. Bere hitzetan, multinazionalaren egungo zorra "sostengaitza" da, eta "formula" bat bilatu beharra jarri du mahai gainean inbertsoreak lortzeko. Bere ustez, zorraren jabeekin akordio batera iritsi behar da horretarako.