GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosna jarriko dute Gasteizko jaietan, “beto politikoa” salatzeko eta “jai borrokalariak” aldarrikatzeko

  • Azpimarratu dute "urte osoan lanean" aritu eta "babes zabala" jaso badute ere, Gasteizko Txosna Batzordeak ez diela erantzunik eman eta "beto politikoa" mantendu dietela. Ezker abertzaleari jarrera "aldatzeko" eskatu diote, datorren urterako "irtenbidea bilatzeko", txosnak "historikoki herri mugimenduaren adierazpen erreala" izan direlako. Txosnagune ofizialean ez bada ere, txosna jarriko dutela iragarri dute, eta hiru eguneko egitaraua aurkeztu dute. 


2026ko uztailaren 10ean - 10:04
Azken eguneraketa: 12:15
EHUko Letren Fakultatean egindako agerraldian Gasteizko jaietarako txosna eta egitaraua aurkeztu ditu mugimendu sozialistak. GKS
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dute seigarren urtez jarraian Gasteizko Txosna Batzordeak "beto politikoa" mantendu diela eta ez dietela txosna jartzeko eskaerari erantzun. Kritiko agertu dira, mugimendu sozialistako bi eragile txosnetatik kanpoan utzi dituztelako "batzuen interes politikoengatik". Dena den, EHUko Arabako campuseko Letren fakultatean egin duten agerraldian iragarri dute txosna jarriko dutela eta hiru eguneko egitaraua prestatu dutela.

Agerraldian azaldu dute "urte osoan lanean" aritu direla txosna aurrera ateratzeko, baina Txosna Batzordeak "ez diela erantzunik eman". Gogora ekarri dute 450 kulturgilek baino gehiagok manifestu batean eskatu zutela Mugimendu Sozialistari Bilboko eta Gasteizko txosnetan parte hartzen uzteko, "denontzako jaiak" aldarrikatuta, eta Gasteizko herri mugimenduetako hainbat kidek ere aldarrikatu dutela "parte hartzeko eskubidea". Ordea, azaldu dutenez, Gasteizko Txosna Batzordeak ez die erantzun. 

Kritiko agertu dira eta salatu dute azken hilabeteetan "hainbat eragile politikok" egoera baliatu dutela beraien "interes alderdikoietarako", eta "benetako arazoa" zera dela, "batzuen interes politikoengatik, herri mugimenduaren txosnagune batean Mugimendu Sozialistako bi eragile kanpoan egotea". Aldarrikatu dute "historikoki" txosnak izan diren bezala izatea: "Herri mugimenduaren adierazpen erreala, zabala eta plurala".

Hortaz, fakultatearen aurrean egin duten agerraldian Gasteizko Txosna Batzordeari eskatu diote, batez ere bertan parte hartzen duten ezker abertzaleko eragileei, "jarrera aldatzeko" eta "lanean hasteko", datorren urteari begira "irtenbidea bilatzeko".

Txosna bat eta hiru eguneko egitaraua

Txosnagune ofizialean ez bada ere, txosna jarriko dute Letren fakultatearen aurrean, "urtez urte jasaten ari diren beto politikoa" salatzeko eta "jai borrokalariak" aldarrikatzeko. Adierazi dute "zapalkuntza ororen aurkako aldarri askatzaileak plazaratzeko" gunea izango dela. Hiru egunetako egitaratua prestatu dute, abuztuaren 4tik 6ra, baina oraingoz artista batzuen izenak besterik ez dituzte eman, tartean, Ben Yart, Silitia eta Maixa eta Malakias.


Jai herrikoiak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...