Donostia Arraun Lagunak klubak Euskotren Ligako hamabost banderak eta hamasei estropadak irabazi ditu; garaipen historikoa da. ARGIA Aiora Belartieta arraunlariarekin mintzatu da, denboraldiko azken txanpa hartzear dela, Kontxako estropaden bezperetan. Taldeko lana, presioaren kudeaketa eta neguan entrenatutakoa funtsezkotzat ditu, beste inork lortu gabeko mugarri honetara ailegatzeko.
Eguzkitsu dago eguna, eta bare itsasoa. Donostian Kontxako Banderaren gizonezkoen sailkapen estropada lehiatzen ari diren bitartean, Trintxerpeko portura laster iritsiko da Arraun Lagunak-en trainerua. Asteazkena da, 17:30, ordu erdi eskas falta da uretako entrenamendurako. Aiora Belartieta Galardi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 2002) arraunlaria klubetik zuzenean etorri da elkarrizketara, gimnasioan entrenatu ostean. “Urduritasunak tarteko, gogotsu gaude iganderako”, esan du irribarretsu ebakia espero bitartean. Kontxako Banderan dute burua; oraindik ez dute barneratu duela aste batzuk lortutakoa. Euskotren Ligako estropada eta bandera guzti-guztiak irabazi dituzte. Emakumezkoen zein gizonezkoen artean, lehenak dira hori lortzen.
Belartietak zortzi urte daramatza arraunean. “Lehen saskibaloia egiten nuen, baina nire inguruan betidanik izan dut arrauna. Batxilergoan hasi nintzen arraunean, eta, zehazki zertan ari nintzen jakin gabe, honaino iritsi naiz”. Hala egin du orain arteko bidea, “inozentziaz”.
“Beti irabazteko asmoz uretaratzen gara, baina ziurgabetasun handiko kirola da, une batetik bestera itsasoa edo haizea alda daitekeelako”
Aurkezpen lanak eginda, mamira joan da. “Ezin sinetsirik gaude, denbora beharko dugu gertatutakoa barneratzeko”, esan du irri txikia eginez eta begiak zabalik. Asteburuetan estropada, aste barruan entrenamenduak eta hurrengo asteburuan berriro estropada: “Dinamika baten sartzen gara eta ez gara konturatzen”. Aurreneko jardunalditik lehenengo postuan kokatu zen Lugañene trainerua. “Dena” irabaztea, ordea, ez zen beraien lehen helburua. “Beti irabazteko asmoz uretaratzen gara, baina ziurgabetasun handiko kirola da, une batetik bestera itsasoa edo haizea alda daitekeelako”, adierazi du.
Helburua ez bazen ere, marka garrantzitsua lortu dute arraun munduan. Dena den, azpimarratu du “maila handia” dagoela emakumezkoen artean: “Gizonezkoekin alderatuta, duela gutxi hasi ziren emakumeak arraunean, eta maila esponentzialki hazi da. Nabari da lan handia egiten ari dela, eta maila igotzen ari da”.
Estropada oro irabaztea harrotasuna bada ere, presioa ere eragin dezake. “Agian norberak pentsatu du, baina gure artean ez dugu inoiz esan denak irabaziko genituenik”. Izan ere, 2024ko udan inertzia horretan sartu eta “nolabaiteko presioa” sentitu zutela gogoratu du Belartietak, amaieran “kalte” egin ziena, azken estropada Tolosaldeak irabazi eta garaipen denak lortzeko estropada baten faltan geratu zirenean.
Presioa sumatu izan dutela aitortu du Lugañene-ko arraunlariak. “Bakoitzak bere mundua du eta edozein unetan ohi baino gehiago eragin diezazuke kanpokoaren komentarioak”, azpimarratu du. Hori guztia kudeatzeko taldekide baten laguntza dute. “Prestaketa mentalaren inguruko ikasketak egiten dabil eta asko lagundu gaitu. Hainbat dinamikarekin osasun mentala landu dugu, presioaren eta helburuen arteko oreka bilatzeko”.
Gutxi gorabehera, zazpi hilabeteko denboraldiaurrea izaten dute Arraun Lagunak-en, azarotik maiatzera bitarte. Ikusle askoren ustez, uda da arraunean okerrena, opor sasoia baita. Arraunlarientzat alderantziz da: “Uda da onena guretzat, horretarako entrenatu baikara. Negua, aldiz, sakrifikatua da, gustura egiten dugu, baina denbora asko kentzen du arraunak, batez ere asteburuetan”.
“Hainbat dinamikarekin osasun mentala landu dugu, presioaren eta helburuen arteko oreka bilatzeko”
Pisu hori guztia kudeatzeko, arraunlariak ekipo teknikoarengan babesten dira. “Haiekin hitz egin dezakegu, edozer dela ere, izan fisikoki izan mentalki gaizki gaudelako. Oso harreman estua dugu eta horrek asko laguntzen du neguko lanari aurre egiteko”.
Behin Kontxako Bandera eta kanporatze estropadak jokatuta, denboraldia amaitu eta ehunetik zerora igarotzen dira arraunlariak. Batzuek gogoz itxaroten dute momentu hori, “denbora librearen” seinale delako. Askotarikoak izaten dira arraunlarien gutiziak liga amaitzen dutenerako. Belartietak, berriz, argi esan du: “Gurean, zorionez, elikadura oso orekatua dugu, murrizketarik gabekoa. Izan ere, kasu gogorrak izan dira, ia talde denetan, dietarengatik eta”.
Belartietarentzat “kolpea” da denboraldiaren amaiera, entrenatzen hilabeteak eman ondoren, “berehala” amaitzen delako dena. “Arraro” sentitzen dela adierazi du besoak mugituz, “zerbait faltako” balitzaio bezala dela, nahiz eta badakien “beharrezkoa” dela atsedena. Pentsakor agertu da behin dena amaituta zer egingo duen galdetutakoan, baina zera erantzun du irribarretsu eta sorbaldak altxatuz: “Ez dut kapritxo berezirik, agian mendira joango naiz, edo lagunekin asteburu pasa”.