argia.eus
INPRIMATU
Gizon batek emakume bat sastakatu du Salburuan, alaba adingabearen aurrean
  • Udaltzaingoa eta Ertzaintza gizon baten bila ari dira Salburua auzoko bizilagun bat sastakatzeagatik. Larri zauritutako 40 urteko emakumearen alaba adingabearen aurrean izan da erasoa, sexu harremanak izateko armarekin mehatxatu ostean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko urriaren 19a
Salburua auzoko Iliada Ibilbidean izan da erasoa. / Google maps

Larunbat goizean, Iliada Ibilbideko eraikin batera sartu dira Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruila; ustez, bertan zegoen erasotzailea. 40 urteko biktima "larri" dago; gutxienez labankada bat jaso du bularrean, eta, ondorioz, Txagorritxuko ospitalera eraman dute alabarekin.

Aurrekari penalak dituen 58 urteko erasotzailea desagertu egin da. Hasiera batean, bere etxean gotortu dela uste izan dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Hala ere, aurkitu ez dutenez, Gasteiz osora zabaldu dute dispositiboa, eta, une honetan, bere bila jarraitzen dute.

Polizia-iturrien arabera, sexu harremanak izateko armarekin mehatxatu ostean sastakatu egin du; emakumeak uko egitean, bularrean, sabelean eta gorputzeko beste atal batzuetan eraso egin dio. Biktima eta erasotzailea eraikin berean bizi dira, eta bertan izan da erasoa; baina, dirudienez, ez dute bizilagun izatetik harago doan harremanik.