Beste biri eraso egiten saiatzea ere egotzi diote. Adin txikikoak 14 eta 16 urte bitartekoak dira. Bestalde, Gasteizko jaiak hasi zirenetik Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu indarkeria matxista egotzita, eta gutxienez hiru eraso matxista izan dira.
Gasteizen 26 urteko gizonezko bat ikerketapean dago adin txikiko bat bortxatu eta beste biri eraso egiten saiatzeagatik. 14 eta 16 urte bitarte dituzte, eta Arabako Foru Aldundiaren menpeko zentro batean bizi dira, tutoretzapean. Gizonezkoari urruntze agindua ezarri diote.
Vocento taldeko komunikabideek jakinarazi dutenez, gizonezkoa eta 16 urteko adin txikikoa sare sozialen bitartez ezagutu ziren. Gizonezkoak etxera gonbidatu eta sexu harremanak izatera derrigortu zuen. Beste bi aldiz egin zuen berdina, eta aldi horietan beste bi adin txikiko zeuden etxean. Ustezko erasotzailea beste biekin ere sexu harremanak izaten saiatu zen.
Adin txikikoek zentroko hezitzaile bati azaldu zioten gertatutakoa, eta hark Poliziarengana jo zuen. Ordutik kasua adin txikikoen fiskaltzaren esku dago, eta gizonezkoari urruntze agindua ezarri diote.
Gutxienez bost eraso matxista jaietan
Asteartean Gasteizko jaiak hasi zirenetik, Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu indarkeria matxista egotzita. Lehena astearte goizean atxilotu dute. 51 urte ditu eta Zaramaga auzoko etxebizitza batean gertatutako eraso matxista egotzi diote. Bigarrena, aldiz, ostegun goizaldean atxilotu dute, 02:30ak aldera. Udaltzaingoaren arabera, gizonezkoa Plaza Berriko kontzertuan pertsonak molestatzen ari zen eta emakume batek urruntzeko eskatzean, eraso egin dio. Gizonezkoak lepoa kolpatu dio eta genitaletatik heldu dio.
Bestetik, udalak jakinarazi du indarkeria matxistarekin lotutako hiru salaketa jaso dituela azken egunetan.