Ostiral arratsaldetako baserritarren ohiko azokarekin bat eginez antolatu dute aurtengo hitzordua, eta orotara 25 ekoizle baino gehiagok parte hartu dute.
Elikaguneak eta Biolur elkarteak antolatuta, joan den ostiralean azoka berezia izan zen Azpeitian. Ostiral arratsaldetako baserritarren ohiko azokarekin bat eginda, 25 ekoizlek baino gehiagok jarri zuten postua Azoka plazan. Horien artean ziren Urola Kosta eskualdeko ekoizleak, zein Euskal Herriko txoko desberdinetatik heldutakoak. Guztien artean askotariko produktuak eskaini zituzten bertaratu zirenen gozagarri: pasta, barazkiak, esnekiak, ogia, gozoak, kontserbak, loreak, txerrikiak, eztia, zukuak, txakolina, sagardoa.
Azokarekin batera, zuzeneko sukaldaritza saioa egin zuten Koxinaturen eskutik, eta Aralarreko moxal haragi hanburgesatxoak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek. Etxeko txikienek ere izan zuten tokia Azoka Ekologikoan. Izan ere, Ametsen Txokoarekin eskulanak egiten aritu ziren, eta Kalaka Jokuekin zurezko materialarekin aritu ziren jolasean.
Azpeitiko Azoka Ekologikoan postua jarri zuten ekoizleak:
Aginondo (ogia eta gozoak), Beizama.
Aikur (eztia), Urretxu (Gipuzkoa).
Ana Muñoa (fruitu txikiak), Zegama (Gipuzkoa).
Ane Gorosabel (loreak), Arrasate (Gipuzkoa).
Artotxiki (lekale eraldatuak), Lizarra (Nafarroa).
Berroseta (barazkiak), Azkoitia.
Daonaz (baratxuri beltza), Amoroto (Bizkaia).
Ekain sagardoa (sagardoa eta zukua), Zestoa.
Errezilgo ogia (ogia eta kontserbak), Errezil.
Erribera (ardi gazta eta barazkiak), Azkoitia.
Etxearreta (barazkiak), Azpeitia.
Iruretxiki (ogia eta gozoak), Errezil.
Korta (barazkiak), Azkoitia.
Larreta (behi esnekiak), Orendain (Gipuzkoa).
Lurki (barazkiak), Errezil.
Oihanart (txerrikiak), Ibarrola (Nafarroa Beherea).
Olaberri baserria (behi esnekiak), Azpeitia.
On Ein kontserbak (kontserbak), Hernani (Gipuzkoa).
Pikunieta (ardi gazta), Antzuola (Gipuzkoa).
Sakona etxaldea (barazkiak), Azpeitia.
Solaka (ogiak eta gozoak), Errezil.
Unanue (sagardoa eta zukua), Azpeitia.
Urkizahar (txakolina), Beizama.
Zituena (pasta), Errenteria (Gipuzkoa).
Zumeta (barazkiak), Azkoitia.