Gipuzkoako Foru Aldundiak, Begirune Fundazioarekin batera, migrazioari buruzko ikerketaren emaitzak eman ditu astelehen eguerdian eskainitako prentsaurrekoan. Arduradunen ustez, emaitzek adierazten dute gipuzkoarrek “jarrera irekia dutela” immigrazioarekiko. Gipuzkoan arazo garrantzitsuenak zein diren galdetuta, herritarrek immigrazioaren aurretik aipatu dituzte ekonomia, osasuna eta etxebizitza.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta migrazio prozesuak aztertzen dituen Begirune Fundazioak aurkeztu dute Jarrerak, egoerak eta narratiba xenofoboak Gipuzkoan txostena. Ion Gambra foru aldundiko ordezkariaren iritziz, gipuzkoarrek azaldu dute “migrazioaren errealitatearen eta konplexutasunaren aurrean irekiak direla eta kontzientzia daukatela”. “Kanpotik datozenak integratzeko borondatea” ere badutela azpimarratu du. Migrazioa etorkizunera begira Gipuzkoak daukan erronka garrantzitsuenetariko bat dela aitortu du. Bere ustez, aldaketa demografiko eta sozialek “aurreiritziak gainditzea eta erronkari elkarlanaren bidez heltzea” eskatzen dute.
Ikerketan gipuzkoarrei galdetu zaie ea herrialdeko arazo nagusienak zein diren. %55entzat ekonomia dago lehen postuan, %44,8rentzat osasuna eta %42rentzat etxebizitza. %8k esan du arazo nagusienetakoa immigrazioa dela. %82,8ren ustez, datozen bost urteetan immigrazioak gora egingo du. Migratzaileak nondik iritsiko diren uste duten galdetuta, %86,8k Magreb aipatu du lehen tokian, %72,8k Saharaz azpiko Afrika eta %58,3k Hego eta Erdialdeko Amerika.
Gizarte zerbitzuak erabiltzeko eskubideari dagokionez, iritziak aldakorrak dira zerbitzuaren arabera. %81ak osasun arreta eskaintzearen alde egin du, eta %79k hezkuntza bermatzearen alde, egoera administratiboa kontuan hartu gabe. Ehunekoek behera egiten dute bestelako zerbitzu batzuk aipatuta: %35,5ak uste du gizarte laguntzak eskura izan behar dituztela, eta %29,5ak dio babestutako etxebizitzarako eskubidea izan beharko luketela. Familia bateratzearen alde %24,8k egin du eta botoa emateko eskubidearen alde %16,3k.
Gipuzkoarren %34,5ak nahi du egoera irregularrean dauden pertsonak erregularizatzea eta %46,8k erregularizatuko lituzke, baldin eta lanpostu bat baldin badaukate.
Migratzaileak kanporatzearen eta masiboki itzularaztearen alde %6,5ak egin du.
%74,7rentzat dibertsitateak bizitza kulturala aberasten du; 2014an biztanleen erdiak zuen iritzi hori. Gipuzkoarren %86,9k auzoetako eta herrietako elkarbizitza ontzat eman du. Eskualdeka hauek dira ehunekoak: Urola Kosta (%95), Tolosaldea (%91,1), Donostia (%83), Oarsoaldea (%79,2) eta Txingudi (%76).
Ikerketaren emaitzak ateratzeko hiru iturri erabili dituzte. Lehenik, Ikuspegiren 2024ko Barometroan jasotako 400 aurrez aurreko inkesta; bigarrenik, xenofobiari buruzko azterketa bat 900 laguni telefonoz inkestak eginda; eta bederatzi eztabaida-taldetatik jasotako material kualitatiboa.