Emakumeak borrokan

Gipuzkoako zaharren egoitzetako grebalariek kanpaldia hasiko dute Donostiako bulebarrean

  • Zaharren egoitzetako grebalariak borrokan ari dira 2018ko irailaren 28tik. Uztailaren 4, 5, eta 6an kanpaldia egingo dute haien borroka feminista gizarteratzeko.

2019ko uztailaren 04a
Gipuzkoako erresidentzietako grebalariak oinezko ibilaldian. Argazkia: ELA.

Egitarau betea prestatu dute hiru egunetarako. Uztailaren 4an, kanpaldia abiatuko dute “Emakumeak borrokaren lehen lerrora” dokumentala erakutsiz. Ondoren, Gipuzkoako epaitegietako, Gipuzkoako erresidentzietako eta Ubiko langileek solasaldia izango dute. Arratsaldean etxeko langileak eta etxez etxeko zerbitzuetako langileak elkarrekin arituko dira. Herri afaria baino lehen, ARGIAko Onintza Irureta Azkune kazetariak “Berdea da more berria” liburuaren aurkezpena egingo du. Liburuan Bizkaiko zaharren egoitzetako langileen greba luzea eta borroka feminista kontatzen da.

Uztailaren 5ean Bizkaiko erresidentzietako langileek hartuko dute parte. Ondoren, feminismoa eta klase borroka, eta ahalduntzea kontzeptuak landuko dituzte.

Uztailaren 6an, 17:00etan zaintzaren hileta irudikatuko dute eta ondoren manifestazioa egingo dute.

2018ko irailaren 28tik ari dira borrokan. Sektoreak 5.000 langile biltzen ditu, ia denak emakumeak. 6.000 egoiliar artatzen dituzte. ELA sindikatuak Aitziber Aramberri Aristi grebalariaren gutuna argitaratu du ("Zaintzaileak prekario bizi; zainduak prekario biziraun; gizarteak ezin iraun"), eta Aramberrik haien eguneroko lan gogorra eta onespenik gabea kontatzen du. Emakumeak direlako eta zaintza lanetan ari direlako pairatzen duten prekarietatea salatu du langileak. Pribatizatutako sektoreetan lan egiten duten gizonekin alderatuta, soldatetan %30eko aldea dagoela kritikatu du.

Ekainaren 17an etenik gabeko greba hasi zuten eta uztailaren 12ra arte helduko diote. Irailaz geroztik 80 egun egin dituzte greba.

Aurrekariak

ELA sindikatuko langileek haien lan baldintzak hobetzeko beste behin grebara jotzea erabaki dute. Helburu nagusia ELAk (ordezkaritza sindikalaren %60 dauka) Adegi eta Matia patronalekin lortu zuen akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzea da. Sindikatuaren arabera 2018ko abenduan lortu zuen akordioa patronalaren zati horrekin eta Foru Aldundiak “finantzatu beharrean, akordio dokumentua faltsutu zuen eta hortik aurrera faltsuketari eutsi dio gezurra esanez, alegia, dokumentua ELAk alde bakarrez egin zuela”. Bi urte daramatzate lan hitzarmenik gabe.

Gipuzkoako Foru Aldundia ez zen azaldu bilerara

Ekainaren 12an zeukaten biltzeko hitzordua egina gatazkako alderdi guztiek, afera bideratzeko. Sindikatuek eta enpresek bat egin zuten bileran, baina Diputazioko ordezkaririk ez zen agertu.

ELAren eskariz, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak deitu zuen bilera, gatazkako alde guztiak hitzartuz: sindikatuak, enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, alegia. Bileran, patronalak eta sindikatuek bat egin zuten, eta Foru Aldundiko ordezkaririk ez zen agertu. ELAko ordezkari Txomin Lasak salatu zuen Diputazioak kale egin izana, eta jokabide hori kritikatu zuen: “Arduragabekeria iruditzen zaigu; are gehiago, errespetu falta”.

ARGIA astekarian lan gatazka honi buruzko erreportaje mardula argitaratu dugu: Gipuzkoako zaharren egoitzak greban. Bi urte hitzarmenik gabe

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako zahar egoitzetako gatazka kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
Eguneraketa berriak daude