Gipuzkoako obra nagusietako enpresa guztiek onartu dute langileak prekarioan dabiltzala, ELAk dioenez

  • Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteazken goizean egindako agerraldian ELA sindikatuko eraikuntzako arduradunek lurralde horretako obretan gertatzen ari diren gehiegikeriak salatu dituzte. Donostiako Txomin etxebizitzetan, Deskargan, Zubietako erraustegian, Anoetako estadioan eta AHTn ikusitakoa azaldu dute hain zuzen.

Anoetako estadioa eraberritzeko lanetan istripuak ere izan dira, toldo bat behera erori zen duela aste gutxi (arg: @esplotaziorikEz)

2018ko urtarrilaren 18an - 07:49

Joan den urrian iragarri zuten obra horiei jarraipen berezia egingo zietela eta haietan dabiltzan Aldi Baterako Enpresa Elkarte eta azpikontratekin bildu dira Lan Harremanen Kontseiluan: denek onartu dute sindikatuak salatutakoa, ELAk azaldu duenez. Erraustegiaren kasuan, otsaila arteko epea adostu dute “dena ondo jartzeko. Ikusiko dugu”.

Igor San Jose eta Josu Galarraga ELAko kideak mintzatu dira Ekonomia Sustapeneko batzordean, EH Bilduren eskariz. San Joseren esanetan prekarietate eta “esplotazio” egoera nabarmena da obra guztietan eta “salatuz gero kalera”. Adibide ugari eman ditu hori baieztatzeko.

"Seguruenik alde egingo dut, horrela ezin da bizi"

Txominen ordua 5,5 euro kobratzen duten langileak daude, gehienak atzerritarrak: “Ez dakite non ari diren lanean, furgonetan ekartzen dituztelako. Eta ez dute salatzen beldurra dutelako”.  Obra horretan aritutako langile donostiar baten testigantza ere ezagutarazi dute: “Portugalgo enpresa batekin hasi nintzen –dio beharginak bideoan–, ordu pila bat, eta ordaintzen ez zidatenez salatu egin nuen eta arrazoi eman zidaten. Baina hortik aurrera ezer ez zen berdina izan”. Orain langabezian dago eta “seguruenik alde egingo dut, horrela ezin baita bizi”. Txominen ari diren 350 langiletik egoera hori salatu duen bakarra da, gainerakoak beldurragatik isiltzen direla dio San Josek.

Obra horretan eta Zubietako erraustegian aldi berean ari zen hormigoia garraiatzeko enpresa baten kasua ere azaldu dute. Astelehenetik ostiralera 7:00etatik 21:00etara aritzen ziren Txominen eta asteburuan Zubietan, “azkenean istripu bat gertatu zen”.

Zubietan 27 egun segidan egin izan dituzte lan, deskantsurik gabe. Langile batzuen testigantzaren arabera lan-egutegia ezin dute aurrez jakin eta 125 ordu estra sartzen dituzte hilean, muga legala 70 ordukoa denean: “Eta esaten duzunean ez duzula ordu gehiago egingo, mehatxatzen zaituzte neurriak hartzearekin edo kalera botatzearekin”, diote langileok.

Zubietako erraustegia "oso azkar" egiten ari direla dio ELAk (arg: @esplotaziorikEZ).

"Zerbait badago normala ez dena"

Faltsifikazio kasuen berri ere eman du ELA sindikatuak. Anoetako estadio eraberritzen ari den azpikontrata batek mediku errebisioen fitxak faltsutu ditu agidanean: “50 euro balio duten dokumentuak dira. Holaxe daude azpikontratak, lehia erabatekoa da eta hori egin behar izaten dute”, azaldu du sindikalistak. Estadioa eraberritzeko lizitazioa 50 milioi eurotan egin zen, baina ELAk Donostiako beste obra batzuetan teknikariek jarritako prezioak konparatuz ondorioztatu du gutxienez 70 milioi euro balio beharko lituzkeela: "Zerbait badago normala ez dena, halako proiektu batera enpresa bakarra aurkeztu da".

Deskargako “autonomo faltsuen” inguruan ere hitz egin dute eta AHTko prekarietateaz eta Ikuskaritzaren jarreraz ere bai. Hain zuzen, trenbideko obretako lan baldintzez ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz institutuak argitaraturiko Zuloan liburuaren ale bana eman die batzordeko talde politikoei ELAk.

"Zuek zer egingo duzue?"

San Josek azaldu duenez askotan egon izan dira halako foroetan azalpenak ematen eta “eskrupulorik gabeko politikari horiek ez dute esaten duzuna zalantzan jartzen, frogak hor daudelako, baina gero beste aldera begiratu eta ez dute ezer egiten”. Zentzu horretan, galdera zuzena plazaratu die Batzar Nagusietako ordezkariei: “Zuek zer egingo duzue?”

Ahal Duguko batzarkide Mónica Morak oso larritzat jo ditu entzundakoak eta azaldu du saiatuko direla Aldundiak “kontrol neurriak ezar ditzan”. EH Bilduko ordezkariak, Judit Garciak, bere aldetik, beharrezko ikusi du kontratazio publikoetan klausula sozialak ezartzea eta halako egoerak gerta ez daitezen jarraipena egiteko diru-baliabide gehiago ere behar dela azpimarratu du: "Alarma guztiak piztu dituzue".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Eguneraketa berriak daude