Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko erresidentziak kudeatzeko duen erakunde autonomoa da Kabia, eta hainbat ordezkari sindikalek salaketa jarri zuten “bertako kudeatzaileek sindikatuen aurka zuten jarreragatik”.
Epaileak arrazoi eman die langileen ordezkariei eta salaketa jarri duen langile bakoitzari 6.250 euroko kalte ordaina ematera zigortu du Kabia. ELAren esanetan, “justiziak arrazoia eman dio eta frogatutzat jo du Kabiak behin eta berriz izan duela sindikatuen aurkako jokabidea”, bai enpresa batzordearen, bai ELAren aurka. Sindikatuaren esanetan, “epaiak adierazten du askatasun sindikalerako eskubidea urratu dela, eta askatasun sindikalaren aurkako jokabideak berehala eteteko agindu du”.
Sindikatuak salatu duenez, Kabiako zuzendaritzaren jazarpen hori 2022tik gertatu da, enpresa batzordea eta langileen batzordea hautatu zirenetik: “Urte hauetan guztietan, langileen aurkako erasoak etengabeak izan dira lehengo gerentziaren aldetik zein egungo arduradunen aldetik”. Ordezkari sindikalek Kabiari buruz eskatutako dokumentazioa “garaiz eta behar bezala” aurkeztera behartzen du epaiak.
ELAk dio testuinguru horretan ordezkari sindikalei oso zaila egiten zaiela beren lana egitea eta “bereziki antidemokratikoa” dela “Gipuzkoako pertsona guztien finantzazioa duen administrazio publiko batek ordezkaritza sindikala ez errespetatzea".