Bakardadea prebenitzeko asmoz, Ginkgo proiektua garatu dute Euskal Herriko eta Italiako zenbait profesionalek. Lekukotzak jaso, eta zortzi prestakuntza modulu eta gida praktiko bat sortu dituzte.
“Gero eta zaharragoa den eta isolamendu sozialari eta nahi gabeko bakardadeari aurre egin behar dion biztanleria dugu. Proiektuaren abiapuntua egoerari aurre egiteko estrategiak garatzea da”. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Alejandra Hermoso Humbert ikertzailearen hitzak dira. Ginkgo proiektuan parte hartu du Italiako eta Euskal Herriko beste profesional batzuekin batera. Orotara, zortzi bazkidek hartu dute parte, horien artean NUPek. Europak lagundutako egitasmoa da, eta hiru urteko iraupena izan du.
Ikasleen, aktibo dauden profesionalen, pertsona zaharrak zaintzen dituzten pertsonen eta pertsona zaharren gaitasunak hobetzeko edukia sortzea izan da asmoa. Sortu duten gidak pertsona zaharrekin praktikan jartzeko tresnak, dinamikak eta ekintzak biltzen ditu. Horrekin batera, lekukotzak jaso, eta hiru proiektu lagungarri identifikatu eta zabaldu dituzte: Berako Jubiloteka, Nafarroan; Gurekin cohousing ekimena, Lapurdin; eta Sollievo proiektua, Italiako zenbait zonaldetan.
Proiektuan ez dute soilik akademia arloko langileek parte hartu; zuzenean pertsona zaharrekin aritzen diren eragileek ere parte hartu dute. Esate baterako, Nafarroan, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Hermosoren arabera, horrek “asko aberasten” du proiektua: “Horrela, ez gaude soilik arlo akademikotik materiala sortzen, baizik eta esku-hartzeak egiten dituzten langileekin elkarlanean. Modu horretan, benetan beharrak zeintzuk diren identifikatu, eta erabilgarria izan daitekeen eta inpaktua izan dezakeen materiala sortu dezakegu”.
Artea eta kultura kohesio sozialerako eta osasunerako tresna baliagarriak izan daitezkeela uste du, eta Lapurdin, esate baterako, "asko" lantzen dutela. Nafarroan, aldiz, "gutxi"
Oso presente dute pertsona zaharren agentzia errespetatzea eta euren beharretatik abiatzea, eta ez alderantziz. Horretarako, prozesu osoan zehar, bakardadeari aurre egiteko, zaharren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko eta antzeko helburuetarako lanean aritzen diren eragilez osatutako tokian tokiko komite tekniko bat sortu dute. “Benetan euren beharrekin eta espektatibekin bat zetorren zerbait egin nahi genuen”, nabarmendu du.
Beharrak azaleratzen
Berezitasunak dauden arren, oro har antzekoak dira lan egiten duten lurraldeetan identifikatu dituzten beharrak. Hermosok Nafarroako zenbait zertzelada eman ditu. Nabarmendu du koordinazio soziosanitarioan eta komunitarioan “lan handia” dagoela egiteko, zahartze aktiboa lantzen duten zerbitzuak sustatzeko beharra dagoela, nola eta non bizitzeak kezka pizten duela eta zaintzaileak zaintzea garrantzitsua dela. Artea eta kultura kohesio sozialerako eta osasunerako tresna baliagarriak izan daitezkeela uste du, eta Lapurdin, esate baterako, “asko” lantzen dutela. Nafarroan, aldiz, “gutxi” lantzen da.