Gida azkarra Donostiako Zinemaldiaren atarian

  • Besteak beste, Mike Leigh britainiar beteranoa, Pablo Larraín txiletarra eta Mikel Gurrea donostiarra ariko dira Urrezko Maskorraren lehian, Donostiako 74. Zinemaldian. Naomi Watts aktoreak bigarren egunean jasoko du Donostia Saria, eta The Housewife filma estreinatuko du. La Bola Negra filmeko protagonistak igandean helduko dira Donostiara, eta Brad Pittek asteazken gauean gurutzatuko du alfonbra gorria. Sarrerak igandean jarriko dituzte eskuragai. Hemen kontsultatu daiteke programazioa.

Naomi Watts aktore britainiarrak jasoko du Donostia Sarietako bat.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko irailaren 11n - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Iaz euskarazko hiru lan proiektatu zituzten Donostiako Sail Ofizialean, eta aurten, berriz, bat. Errepikatuko du zuzendariak, ordea: Koldo Almandozek zuzendutako filma, Azken agurra, irailaren 23an aurkeztuko da, gauean, Kursaaleko bigarren aretoan, zuzendariaren eta lantaldearen presentziarekin. Sail Ofizialean eskainiko bada ere, Zeru ahoak telesailarekin bezala, ez da lehian ariko. Ezta David Perez Sañudo bilbotarraren Sacamantecas filma ere: Araban kokatutako istorioa da, III. Karlistaldiaren hondarretan; Patricia López Arnaiz, Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoy eta hainbat aktore euskaldun daude tartean. Lehian ariko dena, bai ordea, Mikel Gurrea donostiarraren Sants pelikula izango da: Victoria Luengo du protagonista. 

'Azken agurra'

Izen handiak lehian

Sail Ofizialeko filmen artean, ikusmina sortuko dute Mike Leigh, Fred Cavayé, Pablo Larraín, Roberto Bueso eta Jesse Eisenberg zuzendarien filmek. Mundu mailako estreinaldia Donostian izango dute, eta beraz, ezin aurreikus nolako harrera izango duten.

Leigh britainiarrak Tender Loving Care filma aurkeztuko du, eta apenas aurreratu badaiteke ezer, mundu garaikideko gizarteari egindako kritika bat izango dela dirudi, beharbada Hard Truths-en estilora. Cavayé frantziarrak, berriz, Victor Hugoren Les Misérables nobela klasikoaren adaptazio berria egingo du. Larraín txiletarrak, aldiz, Mis muertos tristes ekarriko du Donostiara, doluak gainditu ezinda dabilen Ema mediku erretiratuaren bizitza. Bueso valentziarraren lan berria El mal padre da, hainbat urtez familia zaindu gabe egon ostean hiru seme-alabak elkartu nahiko dituen aitaren istorioa. Eta Eisenberg estatubatuarrak, azkenik, The Debut aurkeztuko du, antzoki komunitario batean parte hartzen eta lotsa galtzen hasiko den etxekoandre apalaren ametsa.

'Les Misérables'

Cannesetik eta Veneziatik datozenak

Sona handiko bi zine jaialdi izaten ditu aurretik Donostiako Zinemaldiak: Cannesekoa maiatzean, eta Veneziakoa irailean, larunbat honetan amaituko dena. Hortaz, hango sail ofizialetan edo sarien lehian aritu diren filmak ezin dira Donostian aurkeztu, ez bada Perlak sailean. Izenak ondo dioen moduan, aurten estreinatutako film kuttunak ematen dira bertan. Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatzen dute horiek.

Cannesen film onenaren saria irabazi zuen Fjord izango da Perlak sailean begiz jota dagoen filmetako bat. Sentimental Value-n protagonistarena egiten duen Renate Reinsve da aktoreetako bat; oso erlijiosoa den familia baten bueltako istorioa da. Cannesetik indartsu dator, baita ere, Javier Calvo eta Javier Ambrossi 'Los Javis'-en La bola negra filma, 1936ko Gerran fusilatu zuten Federico García Lorca poetari buruzkoa. Zuzendari onenaren saria irabazi zuten Cannesen. Ex-aequo banatu zen; Paweł Pawlikowsk poloniarrak ere jaso zuen Fatherland filmarengatik. Hori ere Donostian emango da. Nazismoaren azken urteetan kokatutako benetako istorioa da, Thomas Mann idazlearen (Literaturako Nobel Saria jaso zuen) eta haren alaba Erikaren artekoa.

'Fjord'

Perlak sailean, baita ere, Martin McDonagh zuzendariaren Wild Horse Nine filma ikusteko aukera izango da. Txilen kokatuta dago, 1973an, Pinochet jeneralaren estatu-kolpearen aurretik; CIAko bi agente dira protagonista, eta harrera beroa jaso du Venezian. Olivia Wildek zuzendu duen The Invite ikusteko parada ere izango da, krisian dauden senar-emazteren kasua kontatzen duena, lagunarteko afariaren bueltan.

Nanni Moretti italiarrak zuzendutako Succederà questa notte filma ere egongo da publikoaren zerrendan, hainbat kontu dramatiko bilduko dituen maitasun istorio italiarra, irudi argitsu eta eszena zoroekin. Nabarmentzekoa, baita ere, Lukas Dhontek zuzendutako Coward pelikula. Lehen Mundu Gerran kokatuta, bi soldaduren maitasun istorio bat sortuko da Belgikako trintxeretan.

'Wild Horse Nine'

Euskal Zinemaren Gala

Irailaren 22an, asteartez egingo da Euskal Zinemaren Gala, eta bertan jasoko du Jose Ramon Soroiz aktore legorretarrak euskal zinemaren Zinemira saria. Donostiako Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko aitortza, ibilbideari errekonozimendu gisa. Iaz Telmo Esnalek eta Asier Altunak jaso zuten, batik bat hogei urte bete zirelako Aupa Etxebeste! filma egin zutenetik.

Zinemaldian euskarazko hamahiru ekoizpen proiektatuko dira. Almandozen Azken Agurra-z aparte, nabarmentzekoak dira ondoko hauek: Igor Legarretak zuzendu eta Zinemaldiaren ostean aretoetara iritsiko den Inurri itsuak, Itziar Ituñoren eta Urko Olazabalen parte hartzea duena; Oskar Alegriaren Hamalau gau; eta dokumental eran produzitutako Muguruza FM 40 Tour, Fermin Muguruzari buruzkoa, Ander Merinok ekoitzia, eta Gatibu musika taldeari buruz Jabi Elortegik egin duena. Aipaturiko horiek denak eta gehiago, guztira hemeretzi, ariko dira Irizar Saria eskuratzeko lehian.

'Inurri itsuak'

Izarrek dir-dir

Izen handi eta nobedadeekin dator Donostiako Zinemaldia, beste urte batez. Werner Herzog eta Naomi Wattsen izenak aspalditxotik jakinak ziren, horiek jasoko baitute Donostia Saria; Orlando Bloomek emango dio saria lehenengoari, biak Bucking Fastard pelikula aurkeztera etorriko baitira; eta J.A. Bayonak emango dio Wattsi, The Housewife pelikulako protagonistari.

Jendetsuenak izango direnak, ordea, beharbada ondoko hiru hauek izango dira: Brad Pitt, Penélope Cruz eta Ricardo Darín. Oraindik ez da jakinarazi noiz helduko diren Donostiara, baina jakina da noiz egingo duten Kursaaleko alfonbra gorriko pasarela, filma aurkezteko unea noiz izango duten alegia. Hiruetan lehena Penélope Cruz izango da, igandean egingo du, irailaren 20an, baina Kursaalean beharrean Victoria Eugenian, hor aurkeztuko baitu La bola negra. Asteartean izango da Ricardo Darínen txanda, 19:15ean. Eta Brad Pittek, berriz, irailaren 23an egingo du, asteazkenean, 21:00etan.

Sarrerak, igandean

Irailaren 13an, igandean jarriko dituzte salgai sarrerak. 09:00etatik aurrera egongo dira eskuragai Zinemaldiaren lehen hiru eguneko tiketak, hau da, irailaren 18, 19 eta 20koak. Salmenta gunera astelehenean batuko dira, berriz, tarteko hiru egunetakoak, irailaren 21, 22 eta 23koak. Eta asteartean, aldiz, azken hiru egunetakoak, irailaren 24, 25 eta 26koak. Presentzialki egin daiteke erosketa; online, berriz, hemen. Programazioa hemen kontsulta daiteke.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.