GIBaren diagnostiko berantiarren kopurua %60 arte igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, 2025ean 95 GIB kasu atzeman ziren, eta horietatik ia %80k batez bertze 39 urte dituzten gizonei eragiten die. HIESaren eta STIen inguruko estigmak diagnostikoa gibelatzen duela azaldu dute, eta, prebentzioa sustatzeko, "Praktikatu sex-carea" kanpaina abiarazi.


2026ko ekainaren 19an - 11:40
Azken eguneraketa: 2026-06-23 10:18
Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak prebenitzeko kanpaina bat aurkeztu dute ortzegun honetan Bilbon. IREKIA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Giza Inmunoeskasiaren Birusaren (GIB) diagnostiko berantiarren kopurua %50etik %60ra igo da 2025ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sexu transmisio bidezko bertze infekzioek ere goiti egin dute. Hortaz, prebentzioa sustatzeko "Praktikatu sex-carea" kanpaina abiarazi dute.

Horretarako, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskal Planaren 2025 memoria aurkeztu dute ortzegun honetan Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan doktore eta espezialista den Adrian Llorentek, Osakidetzako Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduradun Oskar Ayerdik eta Esparru Imbert EuskalHIESa elkarteko presidenteak eman dute txostenaren berri.

Datuen arabera, 2025ean 95 GIB kasu atzeman ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (4,2 kasu 100.000 biztanleko), eta horietatik ia % 80k batez bertze 39 urte dituzten gizonei eragiten die. Ia kasu guztiak (%99) transmisio sexualaren bidez gertatu ziren, eta kutsatu gehienak, %60 inguru, berandu diagnostikatu zituzten.

Oskar Ayerdik ohartarazi du diagnostiko berantiarrak tratamendua zaildu egiten duela, eta bertze pertsona batzuei kutsatzeko arriskua areagotzen duela. Diagnostiko berantiarraren gorakadak osasun agintariak “kezkatzen” dituela gaineratu du.

GIBak eragindako infekzio kasuak ugaritu arren, HIESaren fase aurreratuenerako progresioa murriztu egin da, emandako tratamenduen eraginkortasunari esker. 2025ean 18 kasu zenbatu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Sexu transmisio bidezko bertze infekzioak

Gonokozia, sifilia edo klamidiasia bezalako sexu transmisiozko bertze infekzio batzuei dagokienez, oraindik ere eragin handia dute herritarren osasunean, batez ere gazteen artean.

Horietatik, bereziki hazi da klamidiasiaren intzidentzia, eta hamarkada batean laukoiztu egin da: 2014an 100.000 biztanleko 31 kasu izatetik 2025ean 100.000 biztanleko 139 kasu izatera pasatu da.

Gonokoziak ere hazkunde nabarmena izan du, baina egonkortzeko joera dago –100.000 biztanleko 82,68 kasu–, sifiliak bezala –100.000 biztanleko 15,55 kasu–.

Zehazki, 2025ean, 3.086 klamidiasi kasu, 1.834 gonokozia kasu eta 345 sifili kasu atzeman zituzten. Infekzio horietako gehienak 20 eta 34 urte bitartean detektatzen dira.

Prebentzioa

Adrian Llorente Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialistak azpimarratu du “prebentzioa dela tresnarik eraginkorrena kasuen gorakada gelditzeko eta epe luzera sexu-osasuna babesteko”.

Bereziki gazteen kasuan, sexu-prebentzioa eta sexu-heziketa iritzi moralik gabe jorratzearen alde dago Osasun Saila, STIen inguruko estigma diagnostikoa eta tratamendua gibelatzen dituen oztopo sozial eta psikologikoa dela iritzita.

Prebentzioa sustatzeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak kanpaina bat abiarazi dute, 'Sex-Care praktikatu' lelopean, eta sexu-osasunaren autozainketaren garrantzian paratu dute fokua.

Llorenteren ustez, sexualki aktiboa den pertsona orok urtean GIBaren eta STIen proba bat egin beharko luke, “gutxienez”. Probak Osakidetzako zentroetan egin daitezke, baita farmazietan eta GIBaren proba azkarrak egiten dituzten Europako Erkidegoko erakundeetan ere.

Bertzalde, Osasun Sailak 300.000 euro bideratuko ditu gizarte-ekimeneko erakundeetara, GIB, C hepatitisa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko programak garatzeko.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...