12:00etatik aurrera emango ditu azalpenak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak legebiltzarrean, larunbatean Ertzaintzak Loiuko (Bizkaia) aireportuan izandako esku-hartzearen harira. Goizetik bildu dira protestariak legebiltzarraren aurrean, Loiuko gertakariak zein Zupiriak igandean egindako adierazpenak salatzeko.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean asteartean egingo duen agerraldiaren aurretik abiatu du prozedura EAEko Arartekoak. Bertan, Loiuko polizia-jarduerak azaltzeaz gain, asteburuan Alaves eta Rayo Vallecanoren arteko futbol partidaren atarian izandako gertaeren inguruan mintzatuko da sailburua. 12:30ak inguruan hartuko du hitza Zupiriak, baina goizean goizetik jende andana bildu da Legebiltzarraren inguruan protesta egitera.
Global Sumud Euskal Herriako kide Nerea Etxebarria Aizpuruk ARGIAri adierazi diote bi nagusiki bi gauza salatzeko bildu direla: batetik, Ertzaintzak Loiuko aireportuan izan zuen jarrera; bestetik, Bingen Zupiriaren adierazpenak. Zupiriak adierazi zuen probokazioak egon zirela bertaratutakoen aldetik. "Hori gezur hutsa da, irudiak zabaldu dira mundu guztian eta hor ikusten da nork probokatzen duen nor. Gorrotoa adierazi zuten. Ez da inor ikusten Ertzaintzaren aurka oldartzen”, adierazi du Etxebarriak.
Bestalde, galdegin du ea nork eman zuen Ertzaintza aireportura bidaltzeko agindua. Azaldu dutenez, aurrez egindako harreretan ez zen inolako arazorik izan. “Nor dira haiek esateko ezin ditugula Palestinako banderak ipini?” adierazi du.