2024ko abuztuan Getxoko Irurak Bat eraikin historikoa eraitsi izana ikertzen ari da Getxoko bigarren instrukzio-epaitegia. Luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko obren harira eraitsi zuen jauregia Ereaga Atalaya kooperatibak, zeinean parte diren EAJko bi zinegotzi. Ondarearen aurkako delituaren zantzuak eta prebarikaziorik izan ote den ikertzen ari dira.
Getxoko Irurak Bat jauregiaren eraisketan ondarearen aurkako deliturik egon ote den ikertzen ari da Getxoko bigarren instrukzio-epaitegia. Hain zuzen, legearen arabera, jauregiaren parte bat ezin zen eraitsi, baina dena bota zuten 2024ko abuztuan, lanak merketzeko xedez. Jauregiaren lekuan hamabi luxuzko etxebizitza eraikitzeko proiektua du Ereaga Atalaya enpresak, zeinean parte diren EAJko bi zinegotzi. 1845 urtean eraikitakoa, ondare historikotzat katalogatuta zegoen Irurak Bat, eta hastapeneko proiektuak haren hiru fatxada mantentzea aurreikusten bazuen ere, enpresak guztiak bota zituen lizentziarik gabe. Zinegotzi edota teknikari batzuen partetik prebarikaziorik izan ote den ere ikertzen ari da epaitegia. Ikerketa horren harira, Getxoko udaletxea miatu du Ertzaintzak asteazken honetan. Oraingoz, auzia instrukzio-fasean dago, sumario-sekretupean.
Egunean berean zabaldu dituzte Getxoko auzapez den Amaia Agirren adierazpenak, agiri bidez: "Ez dugu inolako irregulartasunen berri. Udalari dagokionez, legearen arabera jokatu da. San Nikolas 11ko espedientea behar bezala tramitatu da, ohiko prozedurei jarraituz, eta teknikari arduradunek beharrezko txostenak egin dituzte". Ikerketari dagokionez, ondokoa ere zehaztu du: "Abian den ikerketak urraketa etiko edo legalen bat egiaztatzen badu, beharrezko neurriak hartuko ditugu, irmotasun osoz".
Getxoko EH Bilduk Algortako Irurak Bat eraisteari buruzko informazio guztia aurkeztu zion Bizkaiko Fiskaltzari 2024ko urrian, jauregiaren eraisketan eta Udalaren jardunean delitu bat egin den ala ez ikertzeko eskatuta. EAJ-PSE udal gobernuak kasua argitzeko "oztopoak jartzen" ari zirela eta, "ezinbestekotzat" jo zuen urrats hori koalizioak. Jarritako traben artean, ikerketa batzorde bat eratzeari ere uko egin zioten udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk.
Hainbat komunikabidetan zabaldutako zifrei segi, jauregia berritzea 3,2 milioi kostatuko zen, eta eraitsi ostean berriz eraikitzea, 2,5 milioi. 730.000 euro aurrezteko xedez, modu irregularrean bota zuten eraikin historikoa. 2025ko udan plazaraturiko Udalaren txosten tekniko bat dute oinarri zenbaki horiek. Arau-haustea izan zelakoan, Udalak 50.000 euroko zigorra ezarri zion Ereaga Atalaya enpresari iazko martxoan –borondatezko ordainketa eginez gero, soilik 32.000 euro ordaintzera behartuta–. Irabazitako 730.000 euroen parean arina izan zen, ordea, isuna, eta gogor kritikatu zuten hori EH Bildu zein Elkarrekin Podemos-eko ordezkariek.
Hautsak harrotu ditu behin baino gehiagotan Irurak Bat aferak eta udal gobernuak iazko azaroan onartu behar izan zuen eraiste horrek ez zituela bete emandako lizentziaren baldintzak, hain justu, ez zelako hura botatzeko baimenik eman.