Getxoko jauregia eraistearen ardura udal gobernuarena dela ukatu dute EAJk eta PSEk

  • El Correo egunkariak argitaratu duenez, Ertzaintzaren atestatuaren arabera EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Getxoko udal gobernu osoa litzateke arduradun. Atestatuaren arabera, Hiru Bat jauregia eraisteko erabakia txosten juridikorik gabe hartu zen, nahiz eta ezinbesteko prozedura izan. Bizkai Buru Batzarrak Amaia Agirre alkateari babes publikoa eman dio, eta PSE-EEk 2022ko akta bat publiko egin du erakutsi nahian orduan emandako lizentziak ez zuela baimenik ematen eraikina eraisteko.


2026ko urtarrilaren 26an - 10:58
Azken eguneraketa: 14:52
Iñigo Ansola BBBko lehendakaria eta Amaia Agirre Getxoko Udaleko alkatea Sabino Arana Fundazioaren sari banaketan, Bilbon. EFE
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Vocento taldeko El Correo egunkariak igandean ondutako albistean jakinarazi duenez, jauregia eraitsi eta luxuzko etxebizitzak jasotzea baimentzeagatik udal gobernu osoa legoke jomugan. Ertzaintzak jaso du (beti ere El Correo-ren arabera), eraikina botatzeko erabakia beharrezkoa den txosten juridikorik gabe hartu zela, eta gehitu du, udal gobernuak txostena eskatu izan balu ebazpena aurkakoa izango litzatekeela, eraikinak daukan ondare babesagatik eta HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean zuen katalogazioagatik.

EAJren eta PSE-EEren erantzunak

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak adierazpenak egin ditu El Correo-ren albistea jakin ondoren, Bilbon, Arriaga Antzokiaren atarian, Sabino Arana Fundazioaren sari banaketa hasi aurretik. Adierazi du baimena emateko orduan “teknikarien txosten guztiak aldekoak” izan zirela. Gehitu du ikerketaren sumarioa ez dutela eskuratu, eta hiru zinegotzi ikertuek (Irantzu Uriarte, Inazio Uriarte eta Iñigo Urkiza) ez dutela jakinarazpenik jaso. Ansolak Getxoko alkate Amaia Agirreri babes publikoa azaldu dio Sabino Arana Fundazioaren sari banaketan.

PSE-EEk ukatu du jauregia eraisteko baimena eman izana. 2022ko urriaren 18an egindako gobernu batzordearen akta argitaratu du eta azaldu du lizentzia hark ez zuela baimentzen Irurak Bat eraikina eraistea, bai ordea, eraikuntza osagarriak botatzea, birgaitzea eta hamabi etxebizitza jasotzea. Ansolak esandakoaren ildotik, PSE-EEk ere dio espedienteak “abal teknikoak” zituela.

Oraingoz hiru zinegotzi daude ikerketapean

2024ko abuztuan Getxoko Irurak Bat eraikin historikoa eraitsi izana ikertzen ari da Getxoko bigarren instrukzio-epaitegia. Luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko obren harira eraitsi zuen jauregia Ereaga Atalaya kooperatibak, zeinean parte diren EAJko bi zinegotzi, Irantzu Uriarte eta Inazio Uriarte. Ondarearen aurkako delituaren zantzuak eta prebarikaziorik izan ote den ikertzen ari dira. Hain zuzen, legearen arabera, jauregiaren parte bat ezin zen eraitsi, baina dena bota egin zuten 2024ko abuztuan, lanak merketzeko xedez. EAJko hiru zinegotzi daude inputatuta eta hirurek dimititu dute.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.