Ikertutakoak kaleratu ditu BBK Fundazioak, haur eskolaren jabeak. Gertakariak iazko ikasturtean jazo zirela jakinarazi dute hedabideek, eta beste hezitzaile batzuek salatu zituztela.
Getxoko Erromo auzoko (Bizkaia) haur eskola bateko hiru behargin ikertzen ari da fiskaltza, iazko ikasturtean haurrei “tratu txarrak” eman zizkietelakoan. Jakitera eman dutenez, beren lankideek salatu zituzten, iazko ikasturtean 0 eta 2 urte arteko haurrak jo eta jatera behartzen zituzten; baita “umiliazioak” egin ere. Zehazki, ikertutakoak bi hezitzaile eta haur eskolako zuzendaria dira; azken hori “ezer ez egiteagatik” ikertuko dute. Albisteak harrabotsa sortu du, eta publiko egin bezain laster, BBK Fundazioak, haur eskolaren jabeak, kaleratu egin ditu hiru beharginak. Fiskaltza, orain, sekretupean ari da ikerketa garatzen.
Tratu txarren delitua ari da epaitzen Getxoko 3. Intrukzio Epaitegia. Salaketen arabera, haurrak jo egiten zituzten, jatera derrigortzen zituzten, edota siesta orduan lo-zakuetan barruraino sartzen zituzten, nekatu eta lo har zezaten. EITBk jakinarazi duenez, beren lankide batek jarri zuen salaketa epaitegian, eta lankide hori kaleratu egin zuten. “Kaleratze bidegabea” salatu zuen horrek, eta tratu txarren salaketa ere jarri zuen.
EITBk hitz egin du ikerketapean dagoen hezitzaileetako batekin, eta akusazioak ukatu ditu, eta salatu du epaitegietara jo zuen langileak kontratua amaitu zitzaionean jarri zuela salaketa, ez aurretik. Getxoko Udalak, bere aldetik, “zuhurtzia” eskatu du, baina salaketaren larritasunak kezka eragin diola aitortu du.