Elkarrekin Podemosen aurkezturiko mozioa onartu dute PPk eta EH Bilduk, Amaia Agirre alkatearen dimisioa eskatzeko. Baina mozio horrek ez du eragin zuzenik. Alkatea kargutik kentzeko, bere borondatez eman behar du dimisioa edo oposizioak bat egin behar du eta zentsura mozio bat aurkeztu. Agirre alkateak argi utzi du "legitimitatea" duen bitartean "irmotasunez, erantzukizunez eta hasieratik izan duen konpromiso berarekin" segituko duela alkatetza karguan.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Ohiko osoko bilkura egin dute Getxoko udaletxean, baina ezohiko irudiarekin ostegun honetan: aspaldian baino kamera eta kazetari gehiagorekin. EAJren eta PSE-EEren udal gobernua gutxiengoan egon da legegintzaldi osoan, gehiengoa lortzeko zinegotzi baten faltarekin, baina PPk ahalbidetu izan du hainbat lege edo akordio aurrera ateratzea. Baina Irurak Bat jauregiaren eraisketari lotutako auziak ekarri du gauzak aldatzea.
PPk eta Elkarrekin Podemosek mozio bana aurkeztu dute Amaia Agirre alkate jeltzaleak kargua utz zezan eskatzeko. EH Bilduk esana zuen "ahalbidetu" egingo zuela mozioen onarpena; PPrena ez du onartu, baina Elkarrekin Podemosena bai. Mozioa, ordea, ez da loteslea. Hiru aukera daude orain: EAJk eta PSE-EEk gobernatzen segitzea, eta gutxiengoan egitea, baldin eta PP ez bada lehengo lekura itzultzen; oposizioko hiru alderdiek bat egitea eta zentsura mozio bateratu bat aurkeztea; eta Agirre alkateak dimisioa ematea.
Azken aukera hori bazterturik dago: argi esan du ez duela dimitituko eta "legitimitatea" duen bitartean "irmotasunez, erantzukizunez eta hasieratik izan duen konpromiso berarekin" segituko duela alkatetza kargua betetzen.
Udalaren osoko bilkuran egon da Hiruka komunikabidea eta zuzeneko jarraipena egin du bertatik. Elkarrekin Podemosek "gardentasun falta" eta "kudeaketa txarra" salatu ditu eta Agirreren dimisioaren alde hitz egin du, hain justu, udalaren "paralisi egoera gainditzeko", herritarren "konfiantza berreskuratzeko" eta "kudeaketa garden eta eraginkor bati bide emateko". PPko Eduardo Andradek ere Agirreren kudeaketaren kritika zorrotza egin du, Irurak Bat auzian gardentasun falta eta informazioa ezkutatzea egotzita.
PSE-EEko zinegotziek, aldiz, alkatearen alde hitz egin dute, mozio horiek kritikatuta. Carmen Díaz PSE-EEko zinegotziaren hitzetan, argitasuna eta justizia baino gehiago, "paralisi instituzionala" ekarriko luke alkatearen kargugabetzeak. EAJko ordezkariek ere gogor salatu dituzte mozio horiek, oposizioari ere "erantzukizun instituzionala" eskatuta.
Mikel Bildosola EH Bilduko bozeramaileak gogor kritikatu du PPren jarrera, erranda legealdi osoan zehar udal-gobernuaren sostengu politikoa izanda, ezin duela orain kanpoko eragile baten moduan jokatu. Irurak Bat auziari dagokionez, EH Bilduren arabera PPren mozioak ez du egia argitzeko helbururik, eta "irudi politikoa zuritzeko ahalegina" da.
Alderdi guztien ordezkaritza barne hartuko duen udal batzorde bat sortzeko eskatu du EH Bilduk. Horren berri eman zuen koalizioak asteazkenean, ondoko arrazoia emanda: "Modu horretan bakarrik lortuko dugu hemendik eta agintaldia bukatu arte gardentasunez lan egitea, eta erantzun bat ematea egoera honen ondorioz gehien kaltetu diren horiei; herritarrei, alegia".
Irurak Bat jauregia eraisteagatik ikertzen ari diren EAJko hiru zinegotziak kargutik kendu zituzten asteartean, eta Irantzu Uriarte, Inazio Uriarte eta Iñigo Urkitzaren aulkiak hartuko dituzte Aingeru Torrontegi Ayok, Carlos Sergio Atxotegik eta Elisabete Basañez Pérezek. Gaur egun, Getxoko Udala EAJk eta PSE-EEk gobernatzen dute, eta EAJko bederatzi zinegotzietatik hiru kargutik kendu dituzte asteartean. Hori horrela, sei zinegotzi ditu EAJk –ordezkoen tramitazioa egiteko baitago oraindik– eta sozialistek beste hiru ordezkari dituzte, PPk eta EH Bilduk seina, eta Elkarrekin-ek bakarra du.