Gerraosteko emakume abertzale espioiei buruzko eleberria idatzi du Katixa Agirrek

  • Laugarren eleberria du. Nobela historikoa ondu du oraingoan: Barne zerbitzuak (Elkar, 2025). Eusko Alderdi Jeltzalearen bueltan, 1936ko Gerran eta gerraostean paper garrantzitsu eta ahaztua jokatu zuten emakumeak dira protagonistak, “Alava sarea” deitu zitzaion espioitza taldekoak.

Katixa Agirre, artxiboko irudi batean El Salto

2025eko azaroaren 10ean - 08:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Asko arriskatu zuten, asko galdu zuten, eta memoria eta errekonozimendua egin nahi nien”, adierazi du Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) liburu berriaren aurkezpenean, Donostiako Elkar dendan. Dokumentazio lan eskerga egin eta nobela historikoa idatzi du, orobat 1937tik 1943ra kokatuta. “Ez da nik aurkitutako istorio bat”, azpimarratu du, eta gogoratu duela sei eta zazpi urte “dibulgazio ariketa handi bat” egin zela Alava sarearen inguruan, Arabako Foru Aldundiak dokumentazio lanak argitara baitzituen, erakusketaren bat paratuta eta beste.

Hala izan zuen Agirrek emakume haien berri. Elementu “liluragarri” asko topatu zizkien emakume haien jardunari, historiari, eta gaiak Arabarekin duen loturagatik, “argi” ikusi zuen zerbait egin nahi zuela: “Britainiarrak edo amerikarrak balira, ziur pelikulak egin zituztela; hargatik, benetako inportantzia eman behar zaie emakume horiei”. Idazkeran ere hautua egin du: James Bond agentearen istorioen moduan kontatu nahi izan du Alava sarearen bizia, “Hollywoodeko mainstream bat bezala”.

Ezkutuko abertzaleak

Eusko Alderdi Jeltzalearen parte zen Emakume Abertzale Batza, 1922an eratutako emakumeen elkarte nazionalista, eta bertako kide ziren Alava sareko lau emakumetik hiru. Eleberrian, lau emakume horiek dira protagonista: Bittori Etxebarria –baztandarra, “mugalaria eta emakume erresolutiboa”–, Delia Lauroba –donostiarra, ez zen Emakume Abertzale Batzako kidea, ezta EAJkoa ere, baina bai ingurukoa; eta asko inplikatu zen gerrako preso abertzaleekin, bere senarra fusilatu ostean–, Itziar Mujika –donostiarra hori ere, “emakume serioa”, eta kapelagilea ofizioz, hiriaren erdiguneko denda batean–, eta Feli Ariztia –baztandarra hori ere–.

Laurek osatu zuten Alava sarea deitu zitzaion informazio zerbitzuen sarea. Espioiak ziren, funtsean. Agirrek kontrazalean dioen moduan, preso zeuzkaten senar eta nebei espetxera eta kontzentrazio-esparruetara bisitan ibiltzen ziren lehendik ere, baina espioi izaten hasi ziren gero, espioitza-sare zabala eratuta: kartzelara mezu klandestinoak sartzen eta ateratzen aritu ziren, eta erregimen frankistaren eta haren kide aleman eta italiarren xehetasunak ematen zizkieten aliatu frantses eta britainiarrei.

Aipaturiko lau emakumeak, Bittori, Delia, Itziar eta Feli, ordena horretan ageri dira liburuaren azalean, benetako irudian. Frankistek atzeman, epaitu eta espetxeratu egin zituzten, eta espetxetik irten ostean eginiko argazkia da. Eskuinerago, argazkian ageri da bosgarren emakume bat: Tere Verdes. Hura ez zen sareko kide izan, baina Bilboko giro jeltzalean mugitzen zen; bere aita Sabino Aranaren laguna, eta inprenta eta liburudenda baten jabe zen familia.

Fikziorik apenas duen eleberria

Alava sareko lau emakumeak ez ziren aurrez ezagutzen, baina gero lagun minak egin ziren. “Konplizitate handia” erdietsi zuten, Agirreren esanetan, nahiz eta inoiz elkartu ez, segurtasunaren izenean. Soilik behin batu ziren denak, Bilbo frankisten esku erori osteko lehen urteurrenean. Festa handia antolatu zen hirian, eta mugimendua aprobetxatuta, egun horren juntatu ziren laurak. Dokumentatuta dagoela esan du Agirrek, baina ez da jakiten zehazki non elkartu ziren. Agirrek sormena erabili du pasadizo hori berreraikitzeko, eta fikziozko egoera bat asmatu, burdel batean kokatzeko.

Fikziorik apenas erabili du liburuan. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak esan du fikzioa dela liburu osoaren %2, eta Agirrek esan dio gehiago, %10 inguru. Baina kasuren batean, ez zeukan fikzioa erabiltzea ez beste aukerarik. Izan ere, oraindik ere argitu gabeko misteriorik bada Alava sareari lotuta. Auzi potoloa da bat zergatik eta nola erori zen sarea. Gauza jakina da erbesteko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan naziek aurkitu zituztela paper batzuk, eta pista horiei jarraituta heldu zirela Alava sareko emakumeak atxilotzera. Argi ez dagoena da zergatik ez zituen Jaurlaritzak paper horiek handik eraman, edo erre, naziek Paris hartu eta egoitza abandonatzea erabaki zutenean. Agian akatsa izan zen, edo agian ez. Baina inork ez zien abisatu. Naziek fitxak aurkitu eta sei edo zazpi hilabetera atxilotu zituzten emakumeak, Espainiako Poliziak orkestratutako sarekada batean.

Bada hipotesi bat: traizio egin ziela Jaurlaritzarentzat lan egiten zuen Balerdi izeneko tipo batek, eta informazioa pasatu ziola Espainiako polizia bati. Ez dago deus gehiagorik horren inguruan. Agirrek, hortaz, sormenez eraiki du fikziozko pertsonaia.

“Errekonozitu behar zaie”

Barne zerbitzuak du izenburu liburuak, halaxe zirelako: informazio eta barne zerbitzuko langileak. Baina errealki, emakumeei ez zitzaien iruditzen lan handia egin zutenik. Ezkutuan igaro dira, gainera, Euskal Herriaren historiara. Eskerrak norbaiti otu zitzaiola ja adin jakin batera heldu zirenean, 1970eko hamarkadan, haien etxera joan eta pasadizoak grabatzea. Eugenio Ibarzabalek egin zuen lan hura, bere borondatez, eta Agirreri pasatu dizkio liburua idatzi ahal izateko. “Zirrara eragin zidan ordura arte liburuetan ikusi nituen izenak errealki entzuteak”, aitortu du.

“Errekonozitu behar zaiena errekonozitu nahi diet”, esan du Agirrek. “Ez zitzaien iruditzen lan handia egin zutenik, soilik injustuki espetxeratutako presoak laguntzen zituztela zioten; aberriagatik egiten zuten alde batetik, baina haien fede kristauak ere pisua zuen, eta horrek ere bultzatzen zien”. Agirrek ez du haien oinordekoekin harremanik egin ahal izan. Zaila da, gainera. Inork ez zuen seme-alabarik izan. Alargun geratu ziren bi, goiz, eta horietako batek, Deliak, umea galdu zuen, eta berehala alargundu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Eguneraketa berriak daude