Gerra sorra itxuratzen ari da, gero eta nabariago, adimen artifizialaren alorrean

  • Ohar labur-labur baten bidez, Txinako aginte ekonomiko gorenak debekatu egin du Manus, adimen artifiziala lantzen duen enpresa txinatarra, Meta erraldoi estatubatuarrari saldu ahal izatea. Bi mila milioi dolar inguruko tratua zen, joan den udazkenetik hozkailuan zegoena. Etorkizun handia aurreikusten zaion enpresa txinatarrak, salmenta egin ahal izateko, bere egoitza ofiziala Singapurrera eramana zuen. Baina alferrik: Txinako “legeen eta arauen arabera” operazioa ezinezkoa dela ebatzi dute hango agintariek. Roma locuta...


2026ko apirilaren 28an - 12:40
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Batik bat bere algoritmo erabakigarriari dagokionez jabetza-egoera xelebrean dagoen TikTok konpainiaren aurrekaria ekarri dute gogora ia denek, egoitza erbesteratu izanaren kontura. Baina euri dezente egin du harez geroztik, eta Txinak gogotik doitu du azken urte hauetan bere lege “armategia”, bertako jarduleak tenore horretako operazioetan aurkitzen direnean haien negozioen kontrola mantendu, komeni ez diren operazioak zapuztu, eta saihestu ezin direnean errepresaliak abian jartzeko. Bestelako jarduera batean, Panamako Kanalaren kontura Hong Kongeko CK Hutchison Holdings, edo Herbeheretako Nexperiarekin gertatzen ari dena nahiko argigarria da.

Edonola ere, oraintsu arte, Manus operazioan zuzeneko interesa dutenak eta haien ingurukoak besterik ez zituen ukituko albisteak. Baina beste era batera hartu da orain: interes orokorreko zerbait da jada. Joera orokorraren adierazlea delako. Eta adierazi, adierazten du teknologia aurreratuenen inguruan orain arte nahiko asimetrikoa izan den gerra ekonomikoa, simetrikotasunera hurbiltzen ari dela. AEBek Txinari leporatu diote adimen artifizialaren alor horretantxe ebasketa masiboa egiten aritzea. Baita erantzun ere hark. Sorra, baina gerra da.

Eta ez da AEBen eta Txinaren arteko gorabehera soilik. Europar Batasuna eta Asiako potentziaren arteko tirabira ez da gutxiagokoa, eta Pekinek helarazi dituen gaztiguak aintzat hartu beharrekoak dira. Ez direlako hitz hutsetan geratuko. Halakoen garaia iraungi da: Munduko Merkataritza Erakundeak aspaldi utzi zion bitartekari/epaile izateari. Bitxia da, haatik, ikustea Bruselaren egitasmoetan agertzen hasi dela txinatar inbertsioek nahitaez ekarpen teknologikoa egin eta minoritarioak izan beharra... Ez al zen bada hori bera, aspaldi gabe, haiek egiten zuten bilaukeria bat?

Trumpen muga-zergen aurka Pekinek, mineral estrategikoak ardatz zirela, eratu zuen erantzun asimetrikoa, beraz, iraungita geratzen arituko litzateke metatutako esperientzien eskarmentuarekin eraiki duten arau-harresi handiaren mesedetan. Europar Batasunaren kasuan behintzat, erreplika simetrikoak edo parekideak (ez baita komeniko sua gehiago zabaltzea) arau izaten hasi dira jada. Nexperia, kasu.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.