argia.eus
INPRIMATU
Gerra-armategia aurkitu du Italiako Poliziak eskuin-muturreko talde bati eginiko sarekadan
  • Arma guztien artean, Qatarko armadak erabiltzen duen misil bat aurkitu dute. Sarekada Turingo (Italia) Fiskaltza egiten ari zen ikerketa bat dela eta egin dute.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 16a
Italiako Poliziak sarekadan hartutako armak. Argazkia: Polizia di Stato @poliziadistato

Turingo Fiskaltzak egindako ikerketaren ostean, operazio antiterrorista bezala sailkatutako sarekada egin du Italiako Poliziak eskuin-muturreko talde baten aurka, eta gerrara bideratutako armak aurkitu dituzte. Arma horien artean, Qatarko armadak erabiltzen duen misil berdina aurkitu dute; misil hau Frantzian egina da, 3,54 metro ditu eta 25 kilometroko iritsiera du.

Bestalde, aire-aire izeneko misilak ere aurkitu dituzte. Misil hauek gerra-hegazkinetatik jaurtitzen dira beste hegazkin batzuk suntsitzeko. Beraz, aurkitutako materialaren nolakotasuna dela eta, Italiako Poliziak argi du gerra-eremu batera bideratutako armak direla. Ikerketaren arabera, armak Donbasseko Gerrara bidaltzeko asmoa zuten, Ukraniako milizia faxistei emateko.

Misilez gain, punta-puntako erasorako errifleak zeuden armategian, munizio eta propaganda naziaz gain. Hiru pertsona atxilotu ditu poliziak; haien artean Fabio Del Bergiolo, Forza Nouva alderdi neofaxistako 50 urteko hautagai ohia.

“Ez dago argi”

Giuseppe De Matteis Turingo poliziaren buruzagiak adierazi duenaren arabera, hipotesiak dituzte materialarekin egin nahi zutenari buruz, baina oraingoz informaziorik argitaratuko ez dutela gehitu du: “Kasu ezezagun bat da Italian, aurrekari gutxirekin”.

Forza Novako buruzagiek berehala esan dute ez dutela erlaziorik sarekadako arma ez pertsonekin, jendeak sare sozialetan berehala lotu baitzuten alderdia atxilotutako pertsonekin eta armekin.