Geroa Baik hauteskundeetara elkarrekin joatea proposatu die foru gobernua sostengatzen duten indarrei

  • Uxue Barkosek gidatzen duen indarrak asteazkenean egin zien proposamena PSN, EH Bildu eta Nafarroako ezker konfederalari, “Nafarroan ultraeskuinari aurre egiteko”. Alderdi nagusienek hoztasunez hartu dute proposamena, txikienek interesez.


2026ko urriaren 9a - 11:12
Azken eguneraketa: 2026-10-12 14:53
Geroa Baik 2019ko foru hauteskundeetarako aurkeztutako hautagaitza. Geroa Bai
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Geroa Baik uste du eskuin muturra Espainiako Gobernura iristeko arriskua handia dela eta, horren aurrean, bere ustez “jarrera eskuzabal eta eraginkorrak beharrezkoak dira hori ekiditeko helburua elkarbanatzen duten indar politikoen aldetik”. Hori dela eta, Chiviteren gobernua sostengatzen duten indarrak hitz egitera deitu ditu, Espainiako Kongresurako eta Senatuko hauteskundeetarako elkarlan aukerak aztertzeko.

Nafarroako Ezker Batuak eta Batzarrek proposamena interesez hartu dute eta hitz egiteko prest agertu dira. EH Bildu ere hitz egiteko prest da, baina Laura Aznal foru parlamentariak Euskalerria Irratian aste honetan adierazi duenez, “harriduraz” hartu dute proposamena, eta bere ustez, aukera horretarako garaia pasatu da.

Sumar eta Podemos estatu mailako Fronte Zabalaren aukeran daude murgilduta buru-belarri, bigarrenak oraindik hautagaitzan parte hartuko duen ala ez erabaki gabe; eta oraindik ez dute publikoki ezer erantzun, baina itxura guztien arabera Podemos Fronte Zabalean sartzen bada, nekez egingo dute bestelako apusturik Nafarroan. Eta PSNk ere ez, oso ezohikoa litzateke, beti joan da bakarrik hauteskundeetan, eta orain ere hala du aurreikusita, estatuko gainerako lurralde guztietan bezala.

Geroa Baik publikoki aitortu du hauteskunde hauek gaitzak direla berarentzat, eta datuek ere hala diote: azken hauteskunde orokorretan 9.800 boto lortu zituen, oso urruti hurrenez hurren lehen indarra eta bigarrena izan ziren PSN (92.000 boto) eta EH Bildutik (58.000 boto).

Edozein kasutan, Geroa Bairen eskaintzak badu aurrekaririk. 2015eko hauteskunde orokorretarako Cambio Aldaketa hautagaitza sortu zuten Espainiako Senaturako Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta I-E Ezkerrak, hau da, “aldaketaren legealdian” Uxue Barkosen gobernua sostengatu zuten indarrek. Eserleku bat lortu zuten.


Nafarroako politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.