Hondarribian udaltzain batek Babacar Welle herritarra hiru tiroz hil ostean, Irungo Harrera Sareak salatu du "zenbait udalen ekintzek" areagotu egiten dutela kalean bizi diren kolektibo zaurgarrienganako gorroto giroa, eta eskuin-muturrak baliatzen dituela mezu horiek.
Babacar Welle Hondarribiko (Gipuzkoa) herritarraren heriotzak sorturiko harrabotsaren harira, Irungo Harrera Sareak oharra kaleratu du. Bat egin du mobilizazioekin, eta hildakoaren familiari eta lagunei babesa adierazi die, baita gertakariaren unean eta tiroketaren lekuan "lokalean zeuden langile eta bezeroei" ere.
"Azken batean, egiturazko baldintzak betetzen zituen: kanpotarra zen, arrazializatua, pobrea eta osasun mental arazoak zituen"
Sareak gertatutakoa lehenbailehen ikertzeko eskatu du: "Argitu dadila pertsona bat menderatu nahian erabilitako proportzionaltasuna eta hiltzeko beharra". Modu berean, izan ohi zituen agerraldi psikotikoak zirela-eta Osakidetzak egoki artatzen ote zuen argitzea eskatu du: "Azken batean, egiturazko baldintzak betetzen zituen: kanpotarra zen, arrazializatua, pobrea eta osasun mental arazoak zituen".
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Wellen jatorria eta delitu historiala argitaratu izana ere deitoratu du, eta gogorarazi du Arartekoak inpugnaturik duela pertsonen jatorria argitaratzeko erabakia: "Akaso gertatu dena justifikatzen laguntzen duten argumentuak dira?", galdetu du.
"Gorrotoaren katea indartzen"
Irungo Harrera Sareak salatu du hedabide batzuetan –El Diario Vasco aipatzen du, zehazki– agertu diren albisteen erantzunetan gorroto delitutzat har daitezkeen mezuak egin direla anonimotasunean, eta espazio horiek ixteko eskatu du, "zigor-kodearen 510 artikuluak dioen bezala".
"Zenbait udalen ekintzek gorrotoaren katea indartzen dute, tartean Donostiakoarenek, afari solidarioak debekatzen edo pobrezia, migrazioa eta delituak modu bidegabean lotzen"
Azkenaldian zabaltzen ari diren gorroto mezuen inguruan hausnarketa ere eskatu du. Bere esanetan, kolektibo zaurgarrienganako edo kalean bizi direnenganako gorroto giroa gero eta nabarmenagoa da: "Zenbait udalen ekintzek gorrotoaren katea indartzen dute, tartean Donostiakoarenek, afari solidarioak debekatzen edo pobrezia, migrazioa eta delituak modu bidegabean lotzen".
Hala, oharrean dio eskuin-muturrak mezu horiek aurreiritzi arrazistak bultzatzeko baliatzen dituela, eta pertsona arrazializatuak beldurrez bizi direla, gizarteak "jomugan" jartzen dituelako: "Ez ditzagun azalpen arrazistak bilatu, gure kezkarik handiena izan beharko luke kalean bizi diren pertsona arrazializatuak etengabeko bortizkeria pairatzen ari direla ikustea, batzuk heriotzarainokoa".