Gidari esker, gernu-infekzio edo zistitis kasu arinetan prozesua arintzeko tratamendua errezetatu dezakete erizainek. Osakidetzan eta Osasunbidean martxan zegoen, baina Espainiako Justizia Auzitegi Nagusiak kautelaz eten du.
Erizainekin, medikuekin eta farmazeutikoekin adostutako urratsak azaltzen ditu gidak, eta Espainiako Osasun Ministerioak onartua du. “Erizainak prest gaude horrelako botika-preskripzioak egiteko. Formakuntza farmakologikoa daukagu. Gainera, preskripzioa kolaboratiboa da. Hau da, protokolo kliniko baten parte da eta adostuta eta onartuta dago”, esan du Maria Jose Garcia Etxanizek, Bizkaiko Erizainen elkargoko presidenteak.
Lurralde eta administrazio bakoitzari dagokio gida martxan jartzea, eta Osakidetzan zein Osasunbidean dagoeneko erabiltzen ari ziren. Gida kautelaz eten izanak esan nahi du, prozesua argitu arte, jada ezingo dela erabili orain arte martxan zegoen lekuetan. Uste dute horrelako neurriek arriskuan jartzen dituztela adostuta eta onartuta dauden bestelako gidak, eta osasun arretan kalte “handiak” eragin ditzakeela.
"Lehen, protokolo seguru horien bidez, sintomak argiak zirenean lehenago konpontzen genuen arazoa. Orain, tratamenduaren preskripzioa atzeratzen denez, arreta oztopatzen dugu"
Gida eteteak, pazienteen osasunerako lagungarria izan ordez, salatzen dute diagnostikoa “oztopatzen” eta “atzeratzen” duela. Izan ere, berriz medikuarenera bideratzeak itxaron zerrendak handitu, kontsulta medikuak kolapsatu eta tratamendua atzeratzen du: “Nik ezin badiot botika-preskripzioa egin eta prozesua amaitu, gehiago itxaron beharko du medikuak botika-preskripzioa egiteko”. Hori dela eta, infekzioak handitu egin daitezke: “Lehen, protokolo seguru horien bidez, sintomak argiak zirenean lehenago konpontzen genuen arazoa. Orain, tratamenduaren preskripzioa atzeratzen denez, arreta oztopatzen dugu”.
Eraginkorragoak izateko tresna
Edonork izan dezake gernu-infekzioa, baina emakumeek prebalentzia handiago dute. MOE Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, bi emakume zisetik batek gutxienez gernu-infekzio arin bat izanen du bizitzan. Uretra motzagoa –4 cm ingurukoa– izateak eragina dauka horretan. Horregatik, gida kautelaz eteteak bereziki emakume zisei eta zenbait pertsona transei eragingo die.
“Gidaren xedea ez da diagnostiko medikoa ordezkatzea, baizik eta Osasun Ministerioak onartutako eta denon artean adostutako protokolo kliniko itxi bat martxan jartzea. Ohiko praktika bat da munduko osasun sistema aurreratuetan”, adierazi du argi Garciak. Gida baliatu nahi dute osasun sistema “eraginkorragoa” eta “efikazagoa” izateko. “Osasun zentroen, ospitaleen eta adinekoen egoitzen errealitateak talde-lana eta arintasuna eskatzen ditu. Osasun sistemak eta sistema soziosanitarioak arintzen dituzten tresnak judizializatzea sistemaren jasangarritasunaren aurka joatea da”, kritikatu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erizaintza elkargoek.