Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Susa, 2025
---------------------
Izpi bat ageri da errezelaz bestaldera. Urrun du jatorria, belaiaz harago, baina hurreratu egiten da honaino heldu arte. Horixe du distirak: urrundu egin behar itsugarri izan ez dadin, izan dadin ikusgarri. Guztia urruntzea da poema bilduma argitaratu du Hasier Larretxeak (Arraioz, Nafarroa, 1982), iragana ukatu baino, hari so, geroa begiratzeko gonbita. Hiru ataletan banatu ditu arraioztarrak bildumako 37 poemak: Klorodun itzalak, Korapilatutako hariak eta Sua itzaltzen bada.
Preseski, iragana da nagusi bildumako lehen atalean, denetan luzeena. Elkarri begira diren haurra eta heldua bilbatzen ditu ahots poetikoak, eta goroldioak, iratzeek, zelaiek eta bestetzuek ezaugarritutako paisaian dihardu, besteak beste, hezteaz: haurtzaroa, transmisioa, memoria eta ihesa dira, hala, hizpide. Inguruarekin mimesian den arren, deserriratu beharrean den gorputz bat dakarte olerkiok eta, testuinguru horretan, esangura berezia hartzen dute erlijio zein Elizari loturiko elementuek, zentzu hertsatzailea dutenak.
Bigarren atala da memorion eta etorkizunaren arteko haria, lotura: “Oroimena pizten gaituen / bonbilla da / itzulerako argia / baino ez”. Etena izatetik urrun, korapiloz beteriko jarraipena dira poema hauek, bilduma izendatzen duen ariketaren gauzatzea, ispiluko pitzaduren berrosatzea. Egiten gaituzten loturek eutsi eta estutu egiten gaituztela gaineratuta, ahanzturaren eta oroimenaren arteko tenkaren inguruko hausnarketak proposatzen dizkio Larretxeak irakurleari.
Hirugarren atalean galderak dira gailen: Leire Bilbaori egindako aipamenak zein bilduma ixten duen Non hasten da etxea poemak aditzera ematen dutenez, etxearen inguruko hausnarketak dira. “Apatriden bizkarrezurrek / ba al dute hilerrian tokirik?”. Finean, liburuak proposaturiko bidea eta nolabaiteko helmuga zehaztugabea dira gai olerki hauetan, izotzak urtzera datorren udaberriaren txatal.
Askotarikoak dira Larretxearen poemak: hitz segida bizkorrak kausi ditzakegu, zerrendak, poema labur zein luzeak, soinu zein egitura errepikapenez ondutakoak. Atentzioa ematen du gutasunak duen presentziak, baita, aipatu legez, paisaia landatarrak iruditeria blaitzeko duen erak.