argia.eus
INPRIMATU
2026ko urriaren 29a
Gehiengo sindikalak ostiraleko grebari eutsiko dio Osakidetzan
  • Asteazkenean mahai sektorialaren bilera egin dute Gasteizen, eta Osakidetzak soldata-proposamenik egin ez duenez, ostiraleko grebari eustea erabaki dute LAB, ELA, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek. Ezinbestekotzat jo dute lan-baldintzak arautuko dituen akordio berriaren negoziazioan “aurrerapauso garrantzitsuak” ematea. Bestalde, biharko mobilizazioen harira, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu.

LAB

Sindikatuek hilabeteak daramatzate osasun-sistema publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzen hobetzea aldarrikatzen, eta Osakidetzako zuzendaritzari eskatu diote “proposamen zehatzak, aurrerapen garrantzitsuak eta konpromisoak” aurkez ditzala. Ildo horretan, “onartezintzat” jo dute mahai sektorialean soldata-proposamenik egin ez izana, bereziki bizitzaren garestitzea etengabe handitzen ari den honetan. 

Sindikatuek gogorarazi dute mobilizazioen helburua Osakidetzako langile guztientzako “lan-baldintza duinak defendatzea eta osasun-sistema publikoa indartzea” dela. Besteak beste, pribatizazioak gelditu eta lan-kargari aurre egiteko plantillak handitzea eskatu dute, herritarrei arreta “segurua eta kalitatezkoa” bermatzeko. Haien esanetan, langileen lan-baldintzek zuzeneko eragina dute eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean, eta profesionalek ezin dute sistema sostengatzen jarraitu “beren ahaleginaren eta bizitza pertsonalaren kontura”.

Gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izango dira

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, ospitaleetan jaiegunetako ohiko langile kopuru bera egongo da lanean ostiralean. Dialisi-prozesu guztiak eta aurrez programatutako minbiziaren aurkako tratamendu guztiak bermatuko dituzte, eta atzeratu ezin diren prozedurek ere aurrera egingo dute: hemodinamika, iktus-unitateak, zainketa intentsiboetako unitateak, neonatologia eta erditzeak, besteak beste. 

Larrialdi-zerbitzuek eta Etengabeko Arreta Guneek (EAG) langileen %100 mantenduko dituzte; eta Erakunde Sanitario Integratuetako (ESI) telefono bidezko arreta-zerbitzuetan langileen %50 arituko da lanean.

Gatazkaren giltza, Osakidetzaren esku

Sindikatuen hitzetan Osakidetzako Zuzendaritzari dagokio “negoziazioa desblokeatzeko ardura”, 17 urte igaro baitira akordioa berritu gabe. “Osakidetzak du aurrera egiteko eta gatazka ez luzatzeko giltza”, adierazi dute. Aurrerapausurik ematen ez den bitartean, aurreikusitako bost greba-egunei eutsiko diete. Ostiralean, hilak 30, egingo dute lehenengoa. Gainerakoak abenduaren 9, 10 eta 11rako daude deituak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren; eta abenduaren 14an Osakidetza sare osoan.