Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak egingo dituzte Elorrion (Bizkaia) maiatzaren 29tik 30era, eta igandean manifestazioa egiungo dute. Ikuspegi eraldatzailea “sakontzea, antolatzea eta borrokatzea” ardatz harturik, “gaztetxeen aurkako ofentsibari” aurre egiteko helburua dute. Herritarrak gonbidatu dituzte bertaratzera.
Topaketak iragartzeko oharrean salatu dutenez, azken bost urteetan hamalau gaztetxeren desalojo “ilegal” burutu ditu Poliziak. Desalojoen aurkako mobilizazio eta protestetan, berriz, 250 pertsona identifikatu dituzte, 30 epaiketa ireki, eta 50.000 eurotik gorako isunak ezarri. Poliziaren jarrera azpimarratu dute, gazteak “inpunitate osoz jipoitu eta erreprimitzen” dituelako.
Hala ere, gaztetxeen aldeko borrokak “bizirik” irauten duela nabarmendu dute, “milaka gazteren eskola kultural zein politikoa” delako. Proiektu “askatzaileak” direla azpimarratu dute, gazteei egun bizi duten “prekarietate eta ziurgabetasunari” aurre egiten laguntzen diena, mundu ikuskera berri bat emanez. Gerraren, faxismoaren, arrazakeriaren, matxismoaren, etxegabetzeen eta errepresio polizial “bortitz eta biolentoen” aurrean, “balore askatzaileetan oinarritutako proiektuen” garrantzia azpimarratu dute, zapalkuntza eta diskriminazioari aurre egiteko.
Gaztetxeak kezka politikoak “elkarbanatzeko eta eztabaidatzeko” espazioak direla azaldu dute, eta indibidualizaziotik haratago antolatzeko aukera ematen dutela. “Borrokarako grina piztu eta borondate eraldatzailea hauspotzeko espazioak dira”. Horregatik, herritarrak gonbidatu dituzte gaztetxeen borrokara batzera.