Gazteriaren Legearen erreforma “mekanismo itogarria” da Euskal Udalekuen ustez

  • Legearen erreformaren bitartez, hemendik aurrera aisialdi jarduerak egin nahi dituenak aldez aurretik aurkeztu beharko ditu baldintza guztiak betetzen dituela, sexu delituak egozten ez zaizkiola dioen ziurtagiri batekin batera. Euskal Udalekuetako hezitzaileei berrikuntza hori "itogarria" iruditzen zaie proiektu txikientzat, eta adierazi dute argi dutela hasieratik haien kontrako "eraso egituratua" izan dela.


2026ko ekainaren 12an - 09:18
Azken eguneraketa: 11:27
Euskal udalekuak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Eusko Legebiltzarrak onartu du Gazteriaren Legearen erreforma. Erreforma berriaren eskutik, aisialdi jarduerak antolatzen dituzten erakundeek aurretiaz erakutsi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela, eta langileek sexu deliturik egin ez dutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, urtero. Bernedoko udalekuetan gertatutakoaren ostean, Euskal Udalekuetako hezitzaileek erreforma "mekanismo itogarri" gisa ikusi dute.

EAJk eta PSE-EEk sustatu duten lege erreforma eta, haiekin batera, EH Bilduk ere alde bozkatu du; PP, Sumar eta Vox abstenitu egin dira. Baiezkoa atera da, baina ez tartean desadostasunak agertu gabe. Denak ados agertu dira adingabeak babesteko araudiak aldaketa bat behar zuenaren ideiarekin, baina oposizioak zalantzan jarri du ea erreformak benetan aldaketarik ekarriko ote duen, eta ez oten den "azkarregi" egin, Bernedoko udalekuen "presio mediatikoagatik". 

Bi dira aldaketak. Batetik, aisialdietako hezitzaileek aurretik aurkeztu beharko dute baldintza eta eskakizun guztiak betetzen dituztela. Eta bestetik, aisialdiko jarduerako langileek sexu deliturik egozten ez zaien ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Dokumentua urtero berrituta aurkeztu beharko dute. 

EAJ eta PSE-EEren arabera, lege erreforma proposatu dutenak, berrikuntzak kontrol mekanismo "argiagoak" ezarriko ditu eta indartu egingo du prebentzioa. Ane Nazabal eta Garazi Mujika Euskal Udalekuetako hezitzaileen ustez, aldiz, "proiektu txikiak itotzeko mekanismoa" da, Berria egunkariak egindako elkarrizketan adierazi dutenez.

Bernedoko udalekuen ikerketa

Lege erreforma Bernedoko udalekuetan gertatutakoarekin du zerikusia. Iaz, Euskal Udalekuetan adingabeen aurkako sexu delituak gertatu zirela salatu zuten hainbat familiak. Epaitegiak ari dira ikertzen auzia, eta Arabako Foru Aldundiak debekatu egin die Bernedoko udalekuak egitea Sarrea Euskal Udalekuari eta Dorrekoa kultur elkarteari. "Arabako Foru Aldundiak udalekuak ixteko erabakia hartu zuen hasieratik, eta hori egiteko edozein bide hartzeko prest zegoen, legeen gainetik pasatuta", esan du Mujikak.

Legearen erreformaren lehen aldaketak proiektua aldez aurretik aurkeztea eskatzen du. Hori ez egitea leporatuta, bide administratiboa ireki zioten udalekuari. Nazabalek azaldu du bide judizialetik itxi zezaketela udalekua, baina bide administratiboa hautatu dutela, "aitzakia burokratiko bat" hartu dutela: "Inoiz ez digute jakinarazteko eskatu". 

Gehitu du, halaber, bide judizialari dagokionez, hau da, dutxen funtzionamenduarekin lotutako salaketak, ez dutela "inolako jakinarazpen formalik" ikertuak izaten ari direla esaten duenik. Halere, gezurtatu dute hogei familiak salaketa jarri izana, eta salatzaile horien atzean daudela, besteak beste, Vox, Abogados Cristianos eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 

"Difamazio" eta "kriminalizazio" kanpaina

Mujikak adierazi du "zenbait hedabide" dena nahasten saiatu direla, hasierako salaketak oraingo debekuekin lotuz: "Difamazio kanpaina baten eta Euskal Udalekuen aurkako kriminalizazio kanpaina baten parte dira mugimendu horiek". Kontu politikoa eta ideologikoa dela salatu du: "Hasiera-hasieratik gure kontra egituratutako erasoa izan da: akats administratibo batetik abiatuta, paper bat ez entregatzetik, gure balioei eta egiteko moduei eraso egiteko estrategia izan da".

Debekuak debeku, aurtengo udalekuetarako 200 familiak eman dute izena, baina ikusteke dago zer gertatuko den. "Alternatiba berriak eraiki beharko ditugu, eta horiek planteatzen ari gara orain. Eskuragarri ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu uda honetan ere haur horiek Euskal Udalekuetan gozatzeko aukera izan dezaten, baina dena ez dago gure esku", adierazi du Mujikak.


Irakurri gehiago: Bernedo Euskal Herria Araba
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...