Gazteluak, saguzarrak eta mistika tona bat


2026ko irailaren 17an - 11:03
Animadeba
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sara Zozaya
Non: Santa Maria elizako klaustroan, Deban (Gipuzkoa), Animadeba jaialdian.
Noiz: irailaren 9an.

------------------

Deban egon zaretenok, agian, irudikatuko duzue herriaren bihotzean dagoen Santa Maria eliza. Kanpotik fatxada soila du: harrizkoa, zurruna, apaindura gutxikoa. Baina lehen aldiz barrura sartzean bularrean halako presio txiki bat somatzen duzu, espero ez duzun handitasunak eraginda, baina baita etxe erlijiosoek duten mistizismo eta historiak interpelatuta ere.

Bada, barrutik katedrala dirudien eliza zeharkatuta sartu gara klaustrora. Ez-dakit-ze arotako gaztelu bateko gotorleku bat dirudi: duela 500 urteko arkitektura zaindua du, eta iluntzearekin batera, klaustroa leku enigmatikoagoa bihurtuz doan bitartean, saguzar bat gure gainetik dabil hegan. Bertan aurkitu ditugu, taula gainean, Sara Zozayaren teklatu-sintetizadorea eta Gibson Les Paul bat. Besterik ez.

Egurrezko aulkietan eserita eta denok eszenatokira begira ginela, orduan azaldu da Sara Zozaya aulki tartetik oinez, isilpean, txiki bezain sotil. Igo da oholtzara, publikoari agur xume bat eskaini, eta hasi du erakustaldia.

Pixkanaka-pixkanaka ekin dio musika kapaka eraikitzeari, soinu elektroniko sakon, ilun eta hipnotikoak mailakatzen. Eta konturatzerako, txikia eta isila zena bilakatu du erraldoi eta orohartzaile. Hor geratu gara denok bere ahotsean harrapatuta, izoztuta bageunde bezala, isil-isilik eta aulkitik mugitu ezin.

Musika eta ahots jainkotiarrei, baina, oso letra humanoak jarri dizkio Zozayak. Haragizkoak. Castillo Suarezen poemak lagun, eta senideen ahotsak sanpleatuta, bere barne bakarrizketa eraikitzen joan da, bere errelato propioa kontatzen. Disneyko pelikularen antzera, Maleficaren azalean jarri, eta konturatu gara hasierako iluntasun enigmatiko horren atzean badagoela haragizko historia propio bat, eta min bat. Eta aldi berean, agerikoa da zein terapeutikoa eta zein gusturekin egindako musika den.

Attä izenburuko azken EPko abestiak uztartu ditu zaharragoekin, betiere kantuak moldatuta, edo nolabait gaurkotuta. Jo ditu abesti ezagunak: Misty, Elurra edo Blu kasu. Baita bertsioren bat ere: New Order taldearen Bizarre Love Triangle. Eta identifikatu ez ditudan beste hainbat kantu. Hiru ordu laurdenen buruan amaitu du saioa, eta izotz egoeratik itzuli gara gu ere hezur haragizko izatera.

Debako Santa Maria elizako klaustroan atmosfera oso berezia sortu du Zozayak. Wagnerrek iradokitako artelan total baten modura, klaustroak, argiek, itzalek, giroak, musikak, ahotsak, saguzarrak, letrak, arkitekturak… denak bat egin du batasun organiko batean. Hala, diskoan edo bidez entzun daitekeenari beste dimentsio bat eman dio artista donostiarrak. Aitortza ere badoakie Animadeba Euskal Herriko Animaziozko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko antolatzaileei, leku paregabea aukeratu baitute Sara Zozayaren kontzertua eskaintzeko. 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.