29 urteko gaztea asteazken honetan zendu da, ospitalean. EH Bilduk gertatutakoa ikertzeko eskatu du, eta GKSk eta beste eragile ugarik “polizia bortizkeriaren kontra" elkarretaratzea eginen du ortziralean, 12:30ean.
Ander S.T. 29 urteko gizonezkoa zendu da asteazken honetan, ospitalean, bi egun lehenago Santurtziko (Bizkaia) Udaltzaingoarekin liskarra izan ostean. Imanol Urrutxua Segurtasun zinegotziak El Correo egunkariari baieztatu dio poliziek taser pistola erabili zutela “erasotzailea mendean hartzeko”.
Esan polizien sindikatuak asteartean sare sozialen bidez zabaldu zuenez, “substantziaren baten eraginpean” zegoela zirudien gazteak ustez makulua kendu zion adineko bati, eta udaltzainei eraso egin zien: “Hiru polizia artatu behar izan zituzten ospitalean”.
Santurtziko Udalak oharra plazaratu zuen hurrengo egunean, “zauritutako udaltzainei babesa helarazteko”. 29 urteko gaztea taser pistola baten ondorioz zaurituta zegoenik ez zuten aipatu, ordea. Hiru udaltzainak San Juan de Dios ospitalean artatu zituzten; gaztea, berriz, ospitale batera eman behar izan zuten anbulantzian. Bertan zendu da, asteazkenean, deskarga elektrikoa jaso eta bi egunera.
Auziari buruzko bigarren txioa argitaratu du Esanek ortziral honetan. “Doluminak” helarazi dizkie gaztearen senideei, baina polizien esku-hartzea “profesionala eta gardena” izan dela adierazi dute: “Gainera, grabazioen bidez dokumentatu zen. Erabateko fedea dugu agenteen lan onean”. Iritzi berekoa da Urrutxua ere, El Correok jakitera eman duenez: “Ez dago inolako zantzurik pentsarazten digunik agenteek gaizki jokatu zutela”.
Alabaina, Urrutxak Vocento taldeko egunkariari aurreratu dio auzia EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordera bidaliko dutela, heriotza polizia jarduketarekin lotzen ez duen arren. Hainbat eragileren arabera, erakunde horrek, orain arte, poliziaren jarduerak sistematikoki onetsi ditu, eta horren ondorioz, Juan Luis Ibarra presidenteak dimisioa eman zuen joan den abenduan, Naiz egunkariak jaso duenez. Amaya Zabarteren kasua izan zen lehergailua, Ertzaintzak Anoeta aurrean egindako karga batean zauritutako Realeko zalearena.
Santurtziko EH Bilduk, bere aldetik, argibideak eskatu dizkio EAJren gobernu taldeari ortzeguneko udal batzarrean eta ondoren egindako informazio bileran: “Orain arteko informazio guztia helaraztea eta modu ofizialean ikerketa espediente bat irekitzea eskatzen dugu”. Era berean, koalizio subiranistak uste du "ahalik eta tresna administratibo eta legal gehien” erabili beharko liratekeela, gertatutakoa azaltzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko.
Bertzalde, Ezkerraldeko GKSk sare sozialetan zabaldu duenez, larunbat honetarako elkarretaratzea antolatu dute eskualdeko eragile ugarik: 12:30ean izanen da, Santurtziko udaletxearen aitzinean. “Kaleak hartzera” dei egin dute: “Santurtziko udaltzainek gazte bat hil dute. Horrelako kasuetan ezinbestekoa da kaleak hartzea: egin diezaiogun aurre Poliziaren basakeriari”.
2023tik udaltzainen patrikan
Sestaorekin eta Basaurirekin batera, Santurtziko Udalak 2023an eman zizkion taser pistolak Udaltzaingoari, “baliabideak modernizatzeko plan” baten barruan, Naiz hedabideak jaso duenez. Udalak orduan adierazi zuen pistola horrekin egindako edozein esku-hartze agenteen uniformean grabatuko litzatekeela kameren bidez, eta tresna “ez-hilgarri” gisa aurkeztu zituen. Deskarga elektrikoa bi zundaren bidez jaurtitzen dute kontrolatu nahi den subjektuarengana, eta hari muskulu guztiak blokeatzen zaizkio, tarte batez immobilizatuta geldituta.
Alabaina, hilgarria dela frogatu duten kasuak egon dira munduan, eta Amnistia Internazionala bezalako erakundeek horretaz ohartarazi dute. Euskal Herrian ere aurrekariak egon badaude. 2024ko otsailean Eneko Valdes Astigarragan (Gipuzkoa) hil zen Ertzaintzaren esku-hartze baten ostean. Familiak kontsultatutako adituek ohartarazi zuten taser pistola erabili zutela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ukatu egin zuen ordea.