Gazta bereziak eta betikoak, Olagueko gaztandegi txikian

  • 2020an, justu pandemiaren aurretik jarri zuen martxan Maria Cilveti Anduezak Tia Maritxu gaztandegia Olaguen, Anueko bailaran (Nafarroa). “Nire etxean beti egon dira ardiak, gurasoek gazta egiten zuten eta gogo hori banuen, baina ordura arte beste lan batzuetan aritu nintzen”, adierazi du gaztagileak. Gurasoek gaztandegia itxia zuten berak proiektua abiatu zuenerako, baina ama izan berritan erabaki zuen bizitzan aldaketa egitea eta gurasoen gaztagile ofizioa berreskuratzea. Hori bai, aldaketa nabarmenekin: eskala oso txikian ekoizten du gazta, eta etxean egiten zuten betiko ardi gazta onduaz gain, bestelako gazta bereziak ere egiten ditu.


2026ko urtarrilaren 12an - 05:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Proiektua abiatu aurretik han-hemen ibili zen Cilveti hainbat gaztandegi eta proiektu bisitatzen eta gaztaren inguruko ikastaroak egiten. “Hogei ardi besterik ez nituen hasi nintzenean, gurasoen artaldetik gelditzen ziren gutxi horiek”, dio. Hurbileko beste artzainei erosten zien esnea, baina pandemian osabaren ardiak hartu zituen eta pixkanaka artaldea handitzen hasi zen. “Gaur egun ia gazta guztia nire artaldetik lortzen dudan esnearekin egiten dut. Latxa arrazako muturbeltz adardunak ditut”. Bera bakarrik dago proiektuan eta ehun bat buru ditu, talde txikia, nondik begiratzen den. “Gazta egiteko artalde txikia da berez, baina niri nahikoa lan eskatzen dit”, dio umorez.

Urtaroei guztiz lotutako maneiua egiten du artzainak: negu partean eta umealdi garaian Olagueko ukuiluan izaten ditu eta herriko belardietara ateratzen ditu bazkatzera, eta jezte garaia bukatzen denean mendira igotzen ditu, Okolin eta Saioa ingurura.

Okolin mendian ardiak ikusten.
Gaztarekin eta hartzidurarekin jolasean

Betiko ardi gazta ondua egiten du Cilvetik, baina hasieratik argi zuen bestelako gazta motekin probak egin nahi zituela. “Etxean betidanik egin izan den hori egiten segitzen dut, baina erronkak ere nahi nituen, eta dibertigarria zait probak egitea, gazta desberdinak bilatzea…”. Esnearekin eta hartzidura prozesuekin jokatzen hasi zen, eta jezte garaian pasta biguneko camembert moduko gaztak ere egiten ditu. “Koagulazio laktiko bidezko beste batzuk ere egiten ditut, eta horietan ere azalarekin eta formarekin jokatzen dut: adibidez, azal beltza du batek landare-ikatza duelako, beste batek oreganoa edo albaka daramatza azalean, beste batek piperrautsa…”.

Okolin mendian behera ardiak jaisten.

Olaguen "Tia Maritxu" dendatxoa du Cilvetik, eta bertan saltzen du gazta kopuru handiena. Pozik dago bizitza berriarekin eta gaztandegiak daraman martxarekin, baina bidean zailtasun asko topatu dituela nabarmendu du. “Herrietan jendea falta dela asko esaten da, baina pena da hemen bizitzea eta lan egitea hain zaila izatea, hainbeste tramite egin behar izatea, baimenak… proiektu hauek bultzatu eta gure lana erraztu behar luke administrazioak, trabak behin eta berriz jarri beharrean”, amaitu du.


Baratzetik mundura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin