Gazarako Bake Batzordea aurkeztu du Trumpek Davosen

  • Donald Trumpek Suitzako Davos hirian eman du ostegun honetan Gazako Bake Batzordeari buruzko informazio gehiago. 60 bat estaturi proposatu die batzordekide izatea, horien artean Frantzia eta Espainiari. Bake planaren bigarren fasea gainbegiratzea litzateke batzordearen zeregin nagusia.


2026ko urtarrilaren 22an - 17:43
Azken eguneraketa: 2026-01-27 08:37
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Su-etena zaindu beharko luke Bake Batzordeak, egonkortasuna bermatu eta, oro har, Gazako berreraikuntzarako baldintzak bermatu. Herrialde askok dagoeneko adierazi dute parte hartuko dutela batzordean, hala nola, herrialde musulman esanguratsuenek: Saudi Arabia, Qatar, Turkia, Indonesia, Jordania, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto eta Pakistan. Baiezkoa eman dutenen artean daude, halaber, Maroko, Argentina, Hungaria, Azerbaijan eta Bielorrusia. Txina eta Errusia ere gonbidatuta daude, baina oraindik ez dut baieztatu egongo diren ala ez. Berdin Kanada, Vatikanoa eta Espainia.

Ezezkoen eremuan daude Europar Batasuneko hainbat estatu: Frantzia, Erresuma Batua, Eslovenia, Norvegia, Suedia eta Danimarka. Bake planean zehaztu gabeko kontu asko daude diotenez, baina horien artean esanguratsuena da Gazako Bake Batzordea hori mehatxua dela NBErentzat. Horien esanetan, azken hori arduratu da orain arte halako bitartekaritza eta zaintza lanak egiteaz, eta orain bake batzordeak hura ordezka dezake. Eta xehetasun gisa, planaren bake izaeraz asko esaten duen datua dago: Israel batzordekide izango da, baina ez dago Palestinako ordezkaririk.

Batzordearen egitura

Egitura eta aginteari dagokienez, Gazarako Bake Batzordeak hiru solairu nagusi izango lituzke: lehena, Gazarako Bake Batzordea bera, Gazan egin beharreko ildo nagusiak marraztuko dituena, baina botere exekutiborik gabe. Ondoren, zazpi kidez osatutako Batzorde Exekutiboa, egiazko agintearekin: Trumpen suhia den Jared Kushner; Marco Rubio estatu idazkaria; Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako AEBetako ordezkari berezia eta Tony Blair, besteak beste. Ministro gisakoak izango dira eta bakoitzak Gazari buruzko esparru garrantzitsu bat zuzenduko du.

Kide horiez gain, Trumpek beste bi aholkulari berezi izendatu ditu: Aryehe Lightstone eta Josh Gruenbaum, “eguneroko operazioak eta estrategiak” gidatuko dituztenak. Zeregin horiek ere zalantzaz beterik ageri dira, ez baitago batere argi “eguneroko” horiek eta “estrategiak” zeintzuk eta zein eremukoak izango diren.

Hirugarren aginte maila lehendakariarena izango da, Donald Trumpek berak beteko du, denbora mugarik gabeko izendapena izango da eta diruen kontrola edukiko du, besteak beste.

Horien azpitik dago Gazaren berreraikuntzaz arduratuko litzatekeen Gazaren Administraziorako Batzorde Nazionala, gobernu teknokrata baten gisakoa, Ali Abdel Hamid Shaath Palestinako Agintaritzako ministrorde izandakoak zuzenduko duena. Gobernu honek, beti ere, Bake Batzordeak finkatutako planak egikaritu beharko ditu.

Gaza: negozio eremu

Trumpek Davosen esan duenez, “mundu guztiak egon nahi du Bake Batzordean” eta Gaza “sekulako eremua da bertan negozioak egiteko. Funtsean, ni higiezinetako negozio gizona naiz, eta hor garrantzitsuena kokalekua da”. Jared Kushner suhiak mapa bat erakutsi du, zeina bi zatitan banatuta zegoen: bata, bizitzeko etxebizitzekin eraikia; bestea, eraikin turistikoekin”. Argi adierazi du bere asmoa: “Baliabideak baldin badira, Ekialde Hurbilean hiru urtetan eraikitzen dira bizpahiru milioiko biztanleko hiriak".

AEBetako hedabideetan argitaratu denez, Gazako Bake Batzordeko kide iraunkorra izateko estatu bakoitzak 1.000 milioi dolar (851 bat milioi euro) jarri beharko ditu, eta bestela hiru urte bakarrik egon ahalko da batzordean.

Ezinbesteko hurrengo urratsa Hamasen armagabetzea da, eta erakundeak oraindik ez du adierazi hori nola egingo duen. Trumpek mehatxu egin dio, eta armak uzten ez baditu haien “amaiera izango dela” esan du.

Mandatari estatubatuarrak bere burua goraipatu du beste behin ere, "Gazara bakea ekarri duen agintaria" izan delako eta eremura oparotasuna ekarriko duela baietsi du. Su-etena finkatu zenetik, aldiz, Israelek 400dik gora palestinar hil ditu bertan eta etengabe oztopatzen du laguntza humanitarioa. Kolore askotako munduko analista ugariren aburuz, Trumpen hau neokolonialismo berria besterik ez da.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.