58 itsasontzik osatzen dute Gazara bidean doan Global Sumud Flotilla, eta Israelgo armadak horietako 21 geldiarazi ditu. Antolakuntzak jakinarazi duenez, "ehunka" ekintzaile "bahitu" ditu Israelgo armadak. Euskal delegaritzatik ARGIAri adierazi diote bahitutako euskal herritarrak gutxienez zazpi direla. Nazioarteko uretan moztu diete bidea, Greziako Kreta irlatik hurbil, israeldar lurraldeetatik 1.000 kilometrora.
Flotillako kideek azaldu dute soldaduak motordun txalupetan gerturatu eta ontzi batzuetara igo direla, "Israel" bezala identifikatu, bidaiariak lau hanketan ipinarazi, arma semi-automatikoekin apuntatu eta mehatxu egin: “Edo buelta eman, edo arriskuan zaudete; zuen ekintzen ardura izango duzue”. Irrati bidez ere gauza bera esan diete denei. Soldadu sionistek iradoki diete badaudela “legezko bideak” Gazara laguntza humanitarioa sartzeko, baina itsasontziz eta gisa horretan egitea ez dela aukera bat. Nazio Batuen Erakundean (NBE) Israelen ordezkari den Danny Danonek sare sozialetan idatzi duenez, "beste flotilla probokatzaile bat bidean geldiarazi da, iritsi aurretik".
58 ontzi doaz flotillan, eta horietako asko geldiarazi egin dituzte, itsasontzietako kameretan ikusi ahal izan denez. "Itsasontzietako komunikazioak interferitu dituzte, eta SOS mezua igorri da", jakinarazi du ostegun goizaldean Global Sumud Flotillak, itsasontzietako kameren zuzeneko irudien lotura partekatzearekin bat. Dozena batek baino gehiagok konexioa galdu dute, eta ez dago haien berririk.
> Itsasontzien kokapena.
> Flotillaren webgunean, zuzeneko jarraipena (bideoak)
Global Sumud Flotilla osatzen duten 58 itsasontziak pasa den igandean abiatu ziren Siziliako Augusta hiriko portutik, Greziako urak zeharkatu ostean lehendabizi Turkiara eta ostean Gazara iristeko, laguntza humanitarioa emateko helburuarekin.
Sei euskaldun bahitutakoen artean
Global Sumud flotillaren euskal delegazioak ARGIAri jakinarazi dionez, gutxienez zazpi dira Israelgo soldaduek nazioarteko uretan atxilotu dituzten euskal herritarrak.
Flotillako kide diren euskal ordezkaritzak lau helburu nagusi ezarri dizkio bere buruari. Lehenik “blokeoa haustea: Gazaren gaineko itsas setioa fisikoki desafiatzea”. Bigarrenik, Europako erakundeek eta Espainiako Estatuak Palestinaren okupazio politikekin duten “konplizitatea eztabaida publikoaren erdigunean jartzea”. Hirugarrenik, “euskal mugimendu sozialen eta Palestinako askapen mugimenduen arteko aliantza sareak elikatzea”. Laugarrenik eta azkenik, “konplexu militar-industriala salatzea”.