Soldadu israeldarren eraso zuzenez gain, palestinarrek negu gorria ere gainean dute. Hainbat lagun hil dira egunotan hotzak eraginda, eta beste hainbeste kaltetutako eraikinak ekaitzak bota ostean. Bitartean, Trumpen hogei puntuko plana jarraituz, Hamasek Gazako agintea erakunde palestinar teknokratiko independiente baten esku uzteko prozesua martxan jarri du.
Israelek ez du eten palestinarren aurkako sarraskia, eta orain, suntsitutako eremuetan eta babesik gabe, klima ere etsai dute. Al Jazeera-ren arabera, azken orduetan gutxienez hamar palestinar hil dira; bost hipotermiaz –tartean urtebeteko haur bat–, eta beste bost sarraskian kaltetutako eraikinak ekaitzak bota ostean. Palestinako Defensa Zibilak ohartarazi du datozen ekaitzek "ondorio katastrofikoak" izango dituztela palestinarrentzat, "babes egokirik ez dutelako, eta Israelek laguntza blokeatzen" jarraitzen duelako. Eraso zuzenei negu gorria batu zaie orain. Komunikatu bidez, Hamasek adierazi du "tamalgarria" dela "nazioarteko komunitatea Gazari laguntzarik ematen ez aritzea", eta gaineratu du hildakoen kopuruak eta gaixotasunaren hedapenak erakusten dutela lurraldea "genozidio modurik gogorrena bizitzen" ari dela. Gazako agintarien arabera, gutxienez 71.412 dira jada Israelen ofentsibak utzitako hildakoak 2023ko urriaren 7tik gaur arte.
Testuinguru lazgarri horren erdian, Trumpek garatutako hogei puntuko planaren bigarren faseari ekin diote. Hamasek adierazi du Gazako agintea erakunde palestinar teknokratiko independiente baten esku uzteko prozesuan dagoela, eta trantsiziorako argibideak eman dizkie talde politiko ezberdinei. Halaber, Trumpek datozen egunetan Gazarako bake-batzordeko kideak izendatuko ditu. Batzorde horren lana –oraindik osatzeke dagoen– munduko hamabost buruzagik osaturiko gobernu teknokratiko palestinarra ikuskatzea izango da, baita Gazaren berreraikitze prozesua gainbegiratzea ere.
Hazem Qassem Hamaseko bozeramaileak azaldu zuen erakundeak "eskualdaketa prozesua erraztu eta batzordearen lana babestuko" duela. Qassemek gogorarazi zuen Hamasek "aspalditik erabaki" zuela Gaza kudeatzeko etorkizuneko edozein esparru administratibotik kanpo mantentzea, funtsezko baldintza delako bitartekariek aurkeztutako bake proposamenetan.
Hitzartutako plan eta faseak gorabehera, Al Jazeerak jakinarazi du Israel Gazako lerro horia lekuz mugitzen ari dela. Trumpen planaren barruan asmatu zuten lerro horiak Israelgo armadaren kontrolpeko lurraldeak eta "eremu segurua" mugatzen ditu, eta teorian behintzat, azken horretan bizi direnek "seguru" egon beharko lukete. Satelite bidezko irudietan ikus daitekeenez, Israelgo soldaduek zementu horizko blokeak Gazako erretiratze lerro horiaren barrura mugitzen dituzte, palestinarrak gehiago itoz. Gainera, lerro hori zeharkatzea argudio gisa erabiltzen ari da Israelgo armada, inguruan dauden palestinarrei eraso egiteko eta hiltzeko.