Gazako zerrendaren %70 hartzeko agindu dio Netanyahuk bere ejertzitoari

  • AEBen bitartekaritzarekin ondutako akordioaren arabera, Israelek Gazako lurren %53 inguru kontrolatuko eta tropen erretiratzea aurreikusten zuen. Egun, Israelek lur horien %64 inguru du bere gain, eta gehiago hedatuko dela aurreikusi dute. Gainera, Israel Katz Defentsa ministroak garbiketa etnikorako plana aldarrikatu du.

Israelgo Armadaren Hashmonaim brigada bisitatu zuen ostegunean Netanyahuk @Netanyahu

2026ko maiatzaren 29an - 10:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Su-etena indarrean sartu zenetik zazpi hilabete eta erdi pasatxo igaro direnean, Israelgo Armada Gazako lurraldearen %53 kontrolatzetik %64 kontrolatzera igaro da. Harro adierazi zuen hori Benjamin Netanyahuk duela pare bat aste. Orain, Netanyahuk berak iragarri du ofentsiba intentsifikatuko duela, eta bere armadari agindu dio Gazaren %70 hartzeko. Su etenak Israelgo ejertzitoa Palestinako lurraldetik pixkanaka erretiratzea aurreikusten bazuen ere, mota guztietako erasoak egiten ari dira Gazan, eta 900 palestinar baino gehiago hil dituzte bitarte honetan.

Zisjordaniako lurralde okupatuetan egin zuen ekitaldi batean hitza hartu zuen Benjamin Netanyahuk, jarraitzaile mordoxka baten aurrean: "Orain lurraldearen % 60 kontrolatzen dugu zerrendan. Lehen %50 genuen, %60 gero... nire agindua da...”. Isilunea egin du orduan Israelgo Lehen Ministroak, eta entzuleek ozen oihukatu dute: “ehuneko ehun!”. Orduan, Netanyahuk gehitu du: “Itxaron, goazen ordenan. Lehenengo, %70. Has gaitezen hortik”. Eta ez du Gazaren erabateko okupazioa baztertu.

Su etenak markatzen zuen abiapuntua ez zen nolanahikoa. Izan ere, AEBen bitartekaritzarekin ondutako akordioak dagoeneko Israeli lurralde okupatuaren % 53ren kontrol zuzena eman zion. Orduz geroztik, Israelgo indarrek Gazako mendebalderantz jo dute etengabe. Are, “inoren lur” gisa aldarrikatu du Israelek lur zati bat, egiaz sionisten esku dagoena. Horren barruan nork sartu eta nor ez erabakitzeaz gain, mehatxutzat jotzen duten edozein pertsonaren aurka tiro egiteko eskubidea aldarrikatzen baitute soldadu Israeldarrek. Gainera, The Guardian-ek jaso duenez, azken egunotan, Israelgo armada su-etenaren lerroan zehar lurraldea husteko ahaleginetan ari da, egoiliarrei euren etxeak edo babeslekuak utz ditzatela esanda.

Hori gutxi balitz, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak asteazkenean adierazi du gobernuaren azken helburua palestinar askok “borondate propioz” Gaza uztea dela. Giza eskubideen aldeko erakundeak, baina, azkar atera dira hitz horiek gogor kritikatzera, eta garbiketa etnikorako epe luzerako plan gisa deskribatu dituzte Katzen asmoak.

Nasser Khdour sarraskiaren datuen monitoretza-taldeko ikertzailearen arabera, "Gazan bizi diren zibilen hilketak, atxiloketak eta bahiketak ikusi ditugu, eta berriki, milizien patruilatze-jarduerak ere ugaritu egin dira". NAIZ-ek jasotzen duenez, NBEren Zentro Satelitalaren (Unosat) arabera, Gazako egitura guztien %81 kaltetu edo suntsitu ditu Israelek, biztanle gehienak kanpin-dendetan edo kaltetutako eraikinetan bizi dira, eta gutxienez 73.000 pertsona hil dira 2023ko urritik, benetako kopurua askoz ere handiagoa izan daitekeenaren jakitun.

Hala, Gazan bizi diren palestinarrak geroz eta itoago daude, eta bertako bizi-baldintzak jasanezinak dira. Inolako ihesbiderik gabe daude harrapatuta, heriotza etengabe parez pare dutela.


2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.