Palestinarren aurkako torturen enegarren froga eman du soldadu israeldar batek zabaldutako argazkiak

  • Israeleko soldaduak borratu egin zuen bere sare sozialetan zabaldutako argazkia, baina ekintzaile palestinar batek eskuratua zuen ordurako eta sare sozialetan anitz zabaldu da. Israelgo armadak atxilotutako palestinar bat ageri da irudian: begiak estalita, barruko arropan, alanbreekin ohe bati lotuta, eta metalezko hagatxo bat bizkarrean lotuta. Giza eskubideen aldeko taldeek salatu dute "gerra krimena" dela.


2026ko uztailaren 9an - 12:47
Azken eguneraketa: 16:06
Israelgo soldatu batek sareetan zabaldutako Gazako atxilotu baten irudia.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Joseph Benamo soldadu israeldarrak Instagrameko bere kontu pertsonalean partekatu du irudia, hebreerazko "egun on" epigrafearekin. Ondoren argitalpena ezabatu egin du, baina Tamer izeneko idazle eta ekintzaile palestinar batek X sare sozialaren bidez irudia zabaltzea lortu du. Israelgo armadak ortzegunean aitortu du benetakoa dela Gazako preso batek jasandako tortura erakusten duen argazkia.

“Gertakariak ez du bat egiten [Israelgo armadaren] balioekin eta araudiekin”, adierazi du Israelgo armadako bozeramaile batek, TheGuardian egunkariak jaso duenez. Gaineratu du ikerketa bat egiten ari direla. 

“Gerra krimena”

“Atxilotuei ematen zaien abusuzko tratua zein haien irudi umiliagarri edo iraingarriak publikoki partekatzea gerra krimenak izan daitezke”, adierazi du Israelgo Giza Eskubideen Medikuak izeneko gobernuz kanpoko erakundeak, TheGuardian egunkariaren arabera.

Breaking the Silence erakundeak, berriz, salatu du Israelen atxilotze guneak “tortura gune” bihurtu direla, eta 2023ko urriaz geroztik atxilotutako palestinar ugari Israelen zaintzapean hil direla.

Israelgo Torturaren Aurkako Batzorde Publikoak, bere aldetik, gogorarazi du gizona erdi biluzik atxiki eta argazkiak ateratzeak “nazioarteko legedia hausten” duela. “Ez dago segurtasun justifikaziorik atxilotu bat barruko arropan edukitzeko”, salatu du. “Biluztasun behartua” eta, ondoren, sare sozialetan “irudi sexualizatuak” zabaltzea eta partekatzea “sexu indarkeria mota bat” dela erantsi du, eta baita “gerra krimena” ere.

Atxilotutakoen jakinarazpenik ez

Israelgo armadako bozeramaileak ez du zehaztu nahi izan ea atxilotua identifikatu duten edo laguntza medikoa eman dioten, ezta Gazan duen familiari jakinarazi dioten ere. Halaber, ez du jakinarazi abusua non eta noiz gertatu den, eta inplikatutako soldadua zein den.

2023ko urriaren 7ko erasoen harira, Israelek palestinarren aurkako genozidioa gogortzea erabaki zuenean, uko egin zion hasieran Gazan atxilotutako pertsonen egoerari buruzko oinarrizko informazioa emateari, desagertze behartuaren politika ezarrita. 2024ko maiatzetik aitzin, Israelek Gazako palestinarrei buruzko kontsultak egiteko helbide elektroniko bat eman zuen, baina HaMoked giza eskubideen aldeko taldearen arabera, “hobekuntza partzial eta mugatu bat” baino ez zen izan. 

Presoen defentsarako erakunde palestinarren erranetan, gutxi gorabehera 9.500 palestinar daude preso gaur egun Israelgo espetxeetan, eta horien artean daude kargurik eta epaiketarik gabe atxikitako emakumeak, haurrak eta atxilotu administratiboak.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...