Pison Affair + Mostaza Karizia + Barrrk
Non: Dabadaban, Donostian
Noiz: maiatzaren 16an.
----------
Odisea.iz. Abenturaz eta arriskuz josiriko bidaia luzea. Horixe dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Ustez Homerok idatziriko epopeian Ulisesek egin bidaiari eman zitzaion izena da, baina izan zitekeen gure maiatzaren 16a: goizean berandu abiatu, auto-matxura bat, ponentzia bat, plan-aldaketa bat, euria, bateriarik ez, auto-aldaketa bat, pintxo bat, pintxo bi, bazkaldu, auto-matxura bi, ustezko matxura konpondu-edo, elkarrizketa polit batzuk, pote bi eta, poor fin, Dabadaban.
Barrrk hasi da honezkero, eta aretoak udako pelikula erromantiko bateko eszena maitagarri bat dirudi. Iluntzeko eguzkitan grabatzen diren peli horietako bat. Bertan, protagonista super guapo eta guapa heterosexualek beraien –kasu honetan– Keler botila inolako amorru zantzurik gabe zeruratu eta bizitzaren ederra ospatuko lukete, eta erdizka abestuko lukete taldearen abestirik ezagunenaren errepika zati bat –ingelesez, jakina–.
Mostaza Kariziarekin giroa aldatu egin da, erabat, eta errealitate itxura handiagoa hartu du. Ezagutzen ez duenarentzat, Lasarte-Oria (Gipuzkoa) eta inguruko gazte-talde honek punka jotzen du, edo hortik datozela nahiko argi ikus daiteke. Bai haien musikan, bai haien janzkeretan, bai haien jarreran. Baxu, gitarra, bateria eta abeslari formatuari teklatua gehitu diote, eta horrek freskotasun apartekoa ematen dio proposamenari. Abesti dibertigarri eta autentikoak, gazteen egunerokotasunari, kezkei eta txantxei buruzkoak. Gainera, iruditu zait Prison Affair taldearen aurretik jotzeko oso talde egokia izan dela, nola estilo hala giro aldetik, eta uste dut hori lortzea ez zela lan makala.
Kataluniarrak oholtzaratu dira. Agertokiaren atzeko paretan ageri diren bisualak nahiko bereziak dira. Oso falozentrikoak, oro har. Zakilak, beraien irudietan, beraien kamisetetan eta nahiko presente haien hitzetan ere bai. Xelebrea da. Jolas moduko bat zeinetan zakila erdigune izate hori ez dakizun hura barregarri uzteko ote den, edo den haren gorazarrerik behinena. Inolako disimulurik gabea. Gustatzen zait.
Alvaro, Adri eta Rafaren flow-a definitzeko bururatu zaidan definiziorik laburrena hauxe izan da: skineto ravero. Oi! talde bateko kideen janzkera, baina parking bateko parranda batean aurkitu ahalko zenukeen parrandazaleen zantzu txiki batzuk dituena. Beraien musika ere halako zerbait izan liteke.
Nolanahi ere den, lehen riffak eztandarazi egin du Daba. Bost kantu jarraian, dantza ere ez da eten. Aurkezpen xume bat ondoren, kartzelari buruzko aipu pare bat, eta Apuñalamiento, pero entre colegas. Zoramena, oinak sabaira eta kontzertu osoan iraun duen buru, esku eta hanken joan-etorri frenetikoa. Azkena baino ez da falta jada, eta azken zirika. Gora zakil lodiak, eta hil dadila Polizia. Beraien arteko morreo espontaneo bat, eta azken riffak. Gauza asko denbora gutxian.