Liburu aurkezpen ugari, film proiekzio bat, antzezlan bi eta beste zenbait ekitaldi egingo dituzte Baztanen. Hamabigarren edizioa izango du (H)ilbeltzak, 'Izan zaitez lekuko' lelopean. Doinuele euskara hutsezko plazen sarearen aurtengo lehen hitzordua izango da.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
"Gibelerat begiratu ez ezik, aitzinerat begiratzeko aukera ere ematen digu 12. edizio honek: euskaldunok piztu dugun su erraldoi honetan (H)ilbeltzak ere gar hori hauspotzen jarraitu nahi duelako; pizkundearen lekuko eta protagonista izan nahi du aurtengo edizioak". Hala adierazi zuten (H)ilbeltzaren antolatzaileek pasa den astean Iruñeko Karrikiri elkartean eginiko aurkezpen ekitaldian. Ainara Urriza eta Aitziber Zapiainek hartu zuten hitza ekimenaren izenean, eta Bira Produkzioak taldeko Beñat Iturriotz ere bertan izan zen, haiek egin baitute aurtengo edizioaren bideo spota.
Euskara hutsezko ikusleria, irakurleria eta entzuleria bultzatzea dute xede (H)ilbeltzak eta, elkarrekin, baita Doinuele sareak ere. Euskaraz bizi den komunitatea indartzea dute xede; urtean zehar euskara hutsean egiten diren kultur plazen sarea da Doinuele. Datorren asteazkenean, ilbeltzaren 21ean egingo du Doinuelek aurtengo mamiaren aurkezpena Iruñean. Guztia xehe-xehe, ilbeltza.eus blogean irakurgai.
Doinueleren prentsaurreko horrek bat egingo du (H)ilbeltza ekimenaren datekin. Izan ere, aurtengo edizioa urtarrilaren 19 honetan hasi eta 25ean amaituko da. Aste osoan zehar, euskara hutsean garatuko dira ekimen eta jarduera guztiak. (H)ilbeltzaren ekitaldi orok du xede literatura beltza erdigunean paratzea, abiapuntua horixe izatea. Baztanen, leku batean finkatu beharrean, bost herri zapalduko dituzte.
Hona egitaraua:
19, astelehena: 'Idazleekin solasean, VIII. (H)ilbeltza beka'. Amaia Apalauzak itzuli duen Nuria Cadenes idazlearen Guillem liburuaren aurkezpena. 19:30ean, Arizkungo medikuren etxean.
21, asteazkena: Ernesto Praten Muga hautsien hegalak liburuaren aurkezpena eta bere trilogiaren nondik norakoen azalpena. Gidari lanetan, Ainara Urriza. 19:00etan, Anizko elkartean.
23, ostirala: Oraindik izen gabe (Jose Luis Bakedano, 1986) filmaren proiekzioa eta solasaldia Nere Pagola eta Zigor Etxebesterekin. 19:00etan, Iruritako gizarte bilgunean.
24, larunbata: Mahai ingurua Bea Salaberri eta Aingeru Epaltzarekin, Basque noir edo euskal nobela beltza? gai gisa hartuta. Gidari lanetan, Reyes Ilintxeta. 11:00etan izango da, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.
Ostean, 14:00etan bazkaria Erratzun. Txartelak hartzeko (gutxi gelditzen dira), idatzi emailera: ilbeltzabaztanen@gmail.com
Bazkalondoan, hiru liburu aurkezpen: Amorante frantsesa (Miren Agur Meabe), Haize beltza (Amaiur Epher) eta Azpijokoa Azpiazun (Iñaki Dorronsoro). Gidari lanetan, Uxue Rey.
Ilunabarrean, susmagarrien gaua: Izar bat eskuan. Erratzuko ostatuetan barna egingo da jolasa.
25, igandea: 11:00etan hasita, itzuli bat Erratzun, Isiltasunerat errendituak, aktore lanetan Josune Gorostegi eta Tania Fornieles direla.
19:00etan, Iruritako gizarte bilgunean, Mairu antzerki taldearen emanaldia: Pinpilipauxa horiak.
Hurrengo urteko beka, Gaizka Sarasolak
2017an, Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean, euskal literatura beltza sustatu, hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko (H)ilbeltza beka sortu zuten. Orduz geroztik egiten da. VIII. beka eskuratu zuen Amaia Apalauzak, eta aurtengo edizioan aurkeztuko du bere lana, Guillem liburuaren itzulpena, egitarauaren lehenbiziko egunean.
Datorren urtean, Gaizka Sarasolak aurkeztuko du lana. Iaz presentatu zuen "Mug(h)erri" proiektua izan zen saritua. 2028ko (H)ilbeltzan aurkeztu den sormen beka lana, berriz, ez dago erabakita; iragan astean egin dute deialdia. Eskatu dute euskarara itzultzeko Friedrich Dürrenmatten Das Versprechen liburuaren lehendabiziko bi kapituluak. Martxoaren 16a arte izango da aurkezteko aukera.