Andrés Martínez Adasme eta Jose María Basoa bilbotarrak ostegunean askatu ditu Venezuelako Gobernuak, beste zenbait presorekin batera. 2024an atxilotu zituzten bi gizonak, gobernua “ezegonkortzeko ekintza terroristak” prestatzen ari zirela argudiatuta. Bi presoak askatzea eta etxera bueltatzea “ospatu” dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.
Venezuelako Gobernu berria indarrean da, Delcy Rodríguez jarduneko presidentearekin eta haren anaia Jorge Rodríguez parlamentuko presidentearekin. Hain zuzen ere, azken horrek ostegunean iragarri du zenbait preso askatuko dituztela, “bakea eta bizikidetza baketsua sendotzeko” helburuarekin; horietako bi izan dira Andrés Martínez Adasme eta Jose María Basoa, 2024tik Caracaseko Rodeo I kartzelan egon diren bi preso bilbotarrak. Dagoeneko Madrilgo Barajas aireportura ailegatu dira, eta ostiralean bertan helduko dira etxera, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurreratu duenez; bi presoei “babes osoa” adierazi die lehendakariak, eta azpimarratu du urtebete eta erdiz “modu bidegabean” egon direla atxilotuta bi bilbotarrak. Bide beretik, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere ospatu du bien askapena.
Bi atxilotuak “modu bidegabean” atxilotu zituztela azpimarratu du Pradalesek; Venezuelako Gobernuak, aldiz, “ekintza terroristak” leporatu zizkien. 2024an harrapatu zituzten bi bilbotarrak, hiru estatubatuar –beraietako bat armadako kide– eta txekiar batekin batera. Atxilotu zituzten eremua, Puerto Ayacucho, Venezuela eta Kolonbiaren arteko mugakoa da, hainbat eremu militar eta segurtasun ugari dagoen eremua. Atxilotu zituztenean, Venezuelako Gobernuko Barne ministro Diosdado Cabellok salatu zuen bi bilbotarrek Espainiako zerbitzu sekretuekin “lotura” zutela, eta Venezuelako presidente Nicolás Maduroren aurkako “ekintza terroristak” prestatzen ari zirela, gobernu estatubatuarraren eta atxilotutako beste hiru kideen gidaritzapean. Espainiako Gobernuak, bistan denez, akusazioak gezurtatu eta bi atxilotuekin edozein lotura izatea baztertu zuen.
Tentsio diplomatikoak
Bi bilbotarren atxiloketa Venezuelako egoera politikoa gaiztotu ostean etorri zen. 2024ko uztailean izan ziren herrialdeko azken hauteskundeak; emaitzek Madurori eman zioten garaipena, baina oposizioak –herrialdean, baina batez ere atzerrian– hauteskunde prozesuan ustelkeria izan zela salatu zuen. Nazioarteko ikuskariek horrelakorik zehaztu ez bazuten ere, hauteskunde iruzurraren kontakizuna indarra hartzen joan zen; hainbeste, ezen, Maduro presidentea zilegi ez zela adierazten hasi ziren zenbait estatuburu; tartean, Pedro Sánchez Espainiako presidentea.
Edmundo González oposizioak aurkeztutako hautagaia –María Corina Machado oposizioko buruzagiak hauspotuta– babestu zuten Mendebaldeko estatu gehienek; eta, hain zuzen, Gonzálezek harreman horiek baliatu zituen Europan asilo politikoa eskatzeko; zehazki, Espainian. Bi bilbotarren atxiloketa publiko egin baino bi aste lehenago eman zioten asilo politikoa Gonzálezi, eta aipagarria da horren harira Espainiako Parlamentuan sortutako eztabaida. Izan ere, kongresuak gobernuari eskatu zion González presidente izendatzeko –EAJk ere horren alde bozkatu zuen–, baina gobernuko alderdi PSOEk horren aurka egin zuen. Baina Margarita Robles Defentsa ministroak gobernuen arteko gatazka piztu zuen, Venezuela "diktadura" dela adierazi eta gero.
Hori irailaren 9an izan zen, eta egun horretan bertan salatu zuten bi atxilotuen desagerpena haien familiek; irailaren 2tik beraien berririk izan gabe egon eta gero. Handik bi astera jakinarazi zuen Ertzaintzak bi bilbotarrak atxilo zituztela Venezuelan, hain zuzen ere, Maduroren gobernua “ezegonkortzeko” helburuz ari zirela argudiatuta.
Biak askatu dituztela jakitean, Pradalesek “babes osoa” adierazi die, eta gogorarazi du: “Euskadin nazioarteko legezkotasuna, oinarrizko berme judizialak eta giza eskubideak errespetatzea eskatzen jarraituko dugu beti”.