Gaur gure alde

Euskal Udalekuak

2026ko irailaren 10ean - 10:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal udalekuen aldeko jaialdia
Taldeak: Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Jon Basaguren, Yogurinha Borova eta Bele.  
Non: Bernedon (Araba).
Noiz: abuztuaren 29an.

-----------------------------

Desjabetuek etorkizun hobe eta bizigarriagoaren alde egiteak eta haien arteko elkartasunak kezkatu ditu batzuk 2026ko uda idor honetan: dutxa mistoetan hasi zena bihurtu da Ceuta edo afari solidario. Ezer berririk ez, baratzetik zorria. Beste batzuk, aldiz, ikuspuntu, jarrera eta joera faxisten gorakadak kezkatu gaitu denbora-tarte berean. Inguruko komunikabiderik fidagarrienetako batek argitaratuko du bigarren horietako hamarnaka bildu garela Bernedon. Nik, boteprontoan, zazpiehun inguru-edo izan garela esango nuke. Eguerdiko bazkaritik goiti, bertsolariek, pailazoek eta musikariek hartu dute herria, kulturaren lubakietan gudari. 

Bai, agian ez dirudi, baina hiztegi belikoa erabiltzeko modukoa da egoera. Zeren gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago. Larraitz Fagundez Osari Hala Bedi irratiko La Bola Loca-n entzun nion behin faxismoaren gorakada garaietan gerra kulturalak berebiziko garrantzia hartzen duela. Jendartearen gehiengoarentzat garai nahasgarriak izaten direlako eta askok ez dakitelako zeren alde edo zeren kontra dauden edo egon beharko luketen. Hala, kultura bihurtzen da ezpata, artea ezkutu eta kalea eta oholtza guda-zelai. Balantzak beti egingo baitu alde batera edo bestera, eta inork ez baitu kontrakora egiterik nahi.

Gaurkoan Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Jon Basaguren, Yogurinha Borova eta Bele dira gure abangoardia, eta hurrenkera horretan oholtzaratu dira, ekitaldia bukatu bezain pronto. Elorrietak klasiko batzuk eta pare bat kanta berri aukeratu ditu. Ibilbideari begiratzeko tartea eman digu, eta malkoak begitara ekarri, dana emon bihar jako maitte dan askatasunari. Osinagarena proposamen arriskatuagoa izan da, bizitako istorio eta pasartez apaindu ditu kantatu dituen lau kantak. Sample, sinte eta loop-ak lagun, bertsio pare bat eta auto-bertsioa. Bizitza salbatu zion kanta, bukatzeko. Eta gogorarazpena: dena ez da aldatzen. Lau pertsonako korroa zena bihurtu da 400 pertsonako eta bizkarretik helduta kantatu dugu eta ibo, ibo, ibo, besarkada kolektibo. Jon Basaguren igo da haren ostean. Bere garaian udalekuetan bizi izandakoak gogora ekarri eta oholtzaratzearen ohoreaz mintzatu ostean, bere ahots, irri eta kanta ederrek gozarazi dizkigute begi-belarriak. Borova agertu denean egin du eztanda giroak. Egia esan, jende udalekeroa baino ikusle hobe eta errazagorik nekez izango du. Plaza lepo eta denak dantzan. Pasada bat, berak hainbatetan errepikatu legez. 

Lide Hernando Bele-k itxi du gaualdia. Formatu berri eta elektronikoago hau ikusi gabe nuen, eta onerako harritu nau. Beti zukutu izan du bere ahotsa maisuki donostiarrak, baina nago honela are gehiago luzitzen duela. Proposamena oso dantzagarria da, teknikoki jantzia, landua eta eduki politikoz betea. Zinez interesgarria.

Gauerdia pasatxoan bukatu da gaurkoa. Txosna itxi eta isiltasunak hartu du berriz herria. Guk kotxea eta hausnarrerako tartea hartu ditugu: datorrena beldurgarria da. Negu Gorriakek bere garaian eta gaur Belek abestu duenez, borreroak baititu milaka aurpegi. Baina, datorrena datorrela, guda-zelaietan bakarrik sentitzetik bizkarrean herri bat dagoela sentitzera pasatzea gauza handia da, eta hori jaso dute Euskal Udalekuetako kideek. Balantza oreka galtzen hasi da, gaur gure alde. 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.