Dame area
Non: Stage Liven, Bilbon.
Noiz: apirilaren 10ean.
-------------------------------
Udaberri usaina dario Bilbori. Gaua da eta mauka motzean goaz Nerbioi ertzean behera, gero eta opor tankera gutxiago duen ostiral honetan. Noiz eta nondik ezagutzen ditudan ondo esaten ez dakidan arren, entzuten hasi nintzenetik harritu ninduen talde bat zuzenean ezagutzera jaitsi gara kapitalera.
Viktor Lux Cruz bartzelonarrak eta Silvia Kostance italiarrak Kataluniako hiriburuan ezagutu zuten elkar; Magia Roja proiektuan, hain zuzen ere. Bizilekua, komunitatea, kontzertu aretoa eta musika zigilua izan zen haientzat leku hura zenbait urtez. Eta gaur egun kontzertu areto izateari utzi dion arren, 2010eko hamarkada amaieran sortu proiektu hura 2020koaren hasieran erreferentzia bihurtu zen Bartzelona eta inguruetan, eta orain elektronika-soinu industrialen meka da penintsulan. Bada, askok sekta bat zela pentsatu eta errezelo eta misterioz gainezka erreparatzen zioten proiektu haren bueltan sortu zuten Dame Area gaurko protagonistek.
Metal-hots gordinez agurtu gaituzte. Argiak artean ez dira piztu eta ilun da giroa. Astun. Xafla zulatu-sonorizatua batak, sinte-ak eta pad-ak besteak. Mea eta hondarra bereizteko prozesuaren errepresentazio berritzailea, soinu horiek entzuteari aspaldi utzi zioten ibaiertz honetan. Zitekeena Somorrostron edo berdin Miribillan, gaur da Abandon. Lantegi baten zama. Hemen eta orain. Atzo eta gaur.
Abesti parea pasatuta, argi gorriak piztu dira, eta zuriak itzali. Aurreratu egin naiz, kamera bat eskuetan izateak –izate hutsak, probatu egunen batean– ematen duen zilegitasun erabatekoaren laguntzaz. Arropa gutxiago eta mugimendu gehiago dago hemen, eta azalek distira berezia dute. Hemen gaude eta hau gure gorputza da dio errepikak, baina kantua bi egitate horiek zalantzan jartzeko moduko ereserkia da. Horixe baita Dame Area, egia osoa eta dena gezurra.
Bagoaz gora. Nora, baina? Oihu basa batzuk. Trantzean gaude erabat. Beste bat. Barrenak askatzeko deia da hau. Beste bat. Eta ia nahigabe egiten digu ihes gorputzak. Beste bat. Putz egiten dute batzuek. Beste bat. Malkoren bat isuri da. Beste bat. Birikak airez bete. Beste bat. Begi-niniak handitu. Zenbat faltako dira? Izerdi usaina darigu.
Geldialdia: azkena da, eskerrik asko Bilbo. Argia bera izango dugu gurutze. Txalo batzuk eta zirrara handia. Lehen notekin batera berriz hasi dugu bidea. Zutik diraut. Lagunak besarkatu dira. Ni ez naiz joango. Airean hustu da garagardoa, katarsi kolektiboaren itxarongela honetan. Gaur ez bada, noiz?