“Gaur atzo baino indartsuago gaude, eta ez gara geratuko gutxieneko soldata propioa lortu arte”

  • Sindikatuek balorazio oso baikorra egin dute martxoaren 17ko greba orokorrak izandako jarraipena eta utzitako ondorioen inguruan: "Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal gizarteak ez duela amore emango 1.500 euroren aldarrikapenean", esan dute biharamuneko prentsaurrekoan. Espainiako Kongresuan, hainbat alderdiren babesarekin lege-proposamen bat aurkeztea aurreikusten dute.

Sindikatuen ordezkariek greba orokorraren balorazioa egin dute M-17aren biharamunean. LAB

2026ko martxoaren 18an - 17:20
Azken eguneraketa: 2026-03-19 13:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Helburuak bete dituztela eta pozik agertu dira ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak, martxoaren 17ko greba orokorraren biharamunean Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan: "Gaur atzo baino indartsugoak gara, ez gara geldituko gutxieneko soldata propioa lortu arte", adierazi dute.

Azaldu dutenez, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa "neurri beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria da", gaur egungo LGS (Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata) ez delako nahikoa oinarrizko beharrei aurre egiteko.  Garbi dute gutxieneko soldata duin batek "arrakala-matxista eta arrazistei" aurre egiteko balioko duela, baita patronalak "inoizko irabazi handienak" lortzen ari den bitartean, langileen poltsikoek sufritzen duten debaluazioari aurre egiteko ere.

 "Patronalak eta gobernuek sindikatuen ekimena mespretxatu zuten, eta abian jarritako bi bideak ixtea adostu zuten: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. Bada, M17ari esker, bi bideak berriro ireki dira"

"Patronalak eta gobernuek sindikatuen ekimena mespretxatu zuten, eta abian jarritako bi bideak ixtea adostu zuten: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. Bada, M17ari esker, bi bideak berriro ireki dira", esan dute.

Datuek erakusten duten arrakasta

M17ko mobilizazioei buruzko datu eguneratu batzuk ere eman dituzte:  eguerdiko manifestazioetan 125.000 lagunek hartu zuten parte antolatzaileen esanetan, eta arratsaldean egindako 85 manifestazioetan, berriz, "hamarna mila gehiagok". Hori guztia aurrera eramateko 136 greba-batzorde sortu dira herrietan eta 1.700 enpresen atxikimendua izan du: "Greba orokorraren arrakasta neurtu daiteke lortu duen aktibazio sindikal eta sozialaren arabera".

Gogorarazi dute "bide politikoak" zabalik jarraitzen duela, eta hain zuzen, iragarri dute Espainiako Gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdirekin harremanetan daudela, gaia Madrilera eraman eta hango Kongresuan lege-proposamen bat aurkezteko.

Iragarri dute Espainiako Gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdirekin harremanetan daudela, gaia Madrilera eraman eta hango Kongresuan lege-proposamen bat aurkezteko

Era berean, bai Eusko Jaurlaritzari bai Nafarroako Gobernuari, "baita alderdi politiko guztiei ere" beharrezko lege-aldaketak bultzatzea eskatu diete, gutxieneko soldataren eskumena lortu dezaten: "Hego Euskal Herriko erakundeek langileen bizi- eta lan-baldintzen inguruan erabakitzeko duten ahalmena handitu behar da".

Amaieran, azpimarratu dute M17a ez dela "egun arrunta" izan, eragin handia izan duela eta "euskal langileen ahotsa" etzun dela "lantokian zein kalean". Hala, gutxieneko soldataren bidez, aberastasunaren banaketaren eztabaida erdigunera ekartzea lortu dutela iritzi dute.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.