Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben-Gvirrek Israelek gauero 30-40 palestinar hil beharko lituzkeela Gazan defendatu du publikoki.
Podcast batean, Itamar Ben-Gvir ministroak publikoki defendatu du zibilen exekuzioa, palestinar izate hutsagatik. Bere esanetan, “bizitzea merezi ez duten” pertsonak hil behar dira, palestinarrak “pertsonak ere ez direla” ziurtatu ostean.
Adierazpen horien larritasuna eta basakeriaren atzean munduan estatu askok herrialde normaltzat edo laguntzat duen gobernu bateko kide batek egin ditu, Poliziaren eta espetxe-sistemaren gaineko erantzukizuna duena. Israelgo Armadari Gazako erasoak agintzeko aginte zuzenik ez duen arren, bere posizio politikoak Netanyahuk gidaturiko exekutiboaren estrategian eragina izatea ahalbidetzen dio.
Ben-Gvirrek argi eta garbi babestu izan du hainbatetan palestinarrak Gazatik masiboki kanporatzea eta lurraldea okupatzea kolonia israeldarrak ezartzeko. Bere diskurtsoak bereziki kezkagarriak diren bi elementu konbinatzen ditu: palestinarrak haien bizilekutik indarrez kanporatzea ala hiltzea. Hau da, nazioarteko legeak garbiketa etnikotzat jotzen duenaren elementu argiak dira.
Ez da lehen aldia ministro ultrak mendekua defendatu duena Israelgo politika publikoaren oinarri gisa. Berbarako, podcast horretan bertan, beste parte-hartzaile batek palestinarrak pertsonalki exekutatu nahi zituela adierazi zuen: "Utzidazu nik neuk urkatzen". Bada, Ben-Gvir-ek ez zuen proposamena baztertu, ezta moderazioa eskatu ere: ahal zuen guztia egingo zuela erantzun zuen, proposamen hori aurrera eraman ahal izateko.