"Gatazkaren bidez Espainiako Estatua mahai batean eserarazi behar dugu"

  • Pau Llonch (Sabadell, 1982) musikaria eta ekintzaile politikoa da. At Versaris rap taldeko, PAH plataformako, Crida per Sabadelleko eta CUPeko kidea da. Zurrunbiloaren erdian harrapatu dugu, eta analisi zorrotza estimatu diogu.


2017ko urriaren 30an - 16:44
Pau Llonch, Sabadellen. (Argazkia: Lander Arbelaitz)

Prozesua luzea izan da, baina Errepublika aldarrikatzera iritsi da. Zer azpimarratuko zenuke zazpi urte hauetatik?

Ezkerretik egin dugun balorazioan nabarmendu dugu autodeterminazio prozesuaren hegemonia pixkana posizio errepublikazaleetara biratzen joan dela, eskubideen konkistara, eta geroz eta urrunago dagoela gako identitario esentzialistetatik. Espainiako ezkerrak ez du asmatu gertatzen ari zena ikusten. Ezker independentistaren tesi errealistenak eta materialistenak finkatzen joan dira prozesuaren markoan, eta minik eta gatazkarik gabeko eszenario bat irudikatzen zuten ikuspegi idealistenak bidean geratu dira. Jende askorentzat esnatze handia izan da prozesua, bloke independentistakoak barne, masak politizatzeko prozesu herrikoi bat.

Kataluniako gizartea, beraz, ezkerrera biratzen ari dela esan genezake?

Ukaezina da. Prozesu independentistan eskuineko aktoreek beren lidergoa finkatuko bazuten, beren espazio politikoari ez zegozkion posizioak defendatzen amaitu dute. Orain aste gutxi Puigdemontek mitin batean mahai gainean jarri zituen Espainiako Konstituzio Epaitegiak atzera botatako legeak, neguan jendeari argindarra moztea debekatzen zuena, adibidez. Bere burua behartuta ikusi du diskurtso hori erabiltzera, hori delako prozesuari aurrera egiten uzten dion diskurtso bakarra. Eta errepasatzen baditugu Kataluniako Parlamentuak onartu eta Konstituzio Epaitegiak atzera botatako hamabi legeak, askok eduki soziala dute: Etxe kaleratzeen aurkako legerik aurrerakoienetakoa, energia pobreziaren aurkakoa, bankuen fiskalitateari buruzkoa...

Zein ari da izaten CUPen lana urte hauetan?

Lan handia egin du aipatu dugun ezkerreranzko biraketa bultzatzen, prozesua posizio horietan finka zedin, independentismora jende berria erakartzeko. Beste inork aterako ez zituen gai batzuk agenda politikoan jarri ditu, izan ordena sozioekonomikoari buruzkoak, genero kontuak, errepresioaren aurkakoak, internazionalistak... independentismo ez nazionalista bat eraikitzen lan egin du.

Eta azken hilabeteetan?

Autokritikoa izango naiz. CUPek instituzio mailan duen papera minimizatu dute eta prozesuak dinamika elitista izan du azken aldian, despatxista. Hori gertatu den guztietan, akats estrategiko edo taktiko potoloak egin dira. Urriaren 10ean, independentzia aldarrikatu eta bertan behera utzi zen egunekoa adibide ona da. Kataluniako herriarekin Generalitateak politika komunikatibo oso txarra egin zuen, itxaropen faltsuak sortu zituzten bazekitenean zer gertatuko zen. Ezker independentistarekiko ekintza desleiala izan zen, gure jendeak ez zekien irakurriko zenaren edukia eta gainera, azken orduan aldatu egin zuten. Azken asteetan dinamika hori izan da, eta kezkatu egin behar gaitu. Mugimendu guztiarekiko informazio eta komunikazio falta horrek atea irekitzen dio geure burua eroso aurkituko ez genukeen agertoki bati. Datozen asteetan CUPek lan egin behar du maila instituzional eta herrikoian berreskuratzeko azken urteetan izan duen protagonismoa, eta PdCat, ERC, ANC eta Òmniumek osatzen duten Estat Major horretatik ez marjinatua gelditzeko.

Puntu honetara heldu nahi zuen Kataluniako eskuin politikoak?

“Espainiako ezkerrak huts egin digu”

Kaleak behartu ditu. PdCateko parte bat bere kudeaketa ekonomiko eta politikoa afera nazionalarekin estaltzen saiatu zen, baina herri mugimenduak estrategia hau ezerezean utzi du, eta Gobernua herritarren eskaerak obeditzen joan da. Maila politikoan gainera, auto-suntsitzen joan da eskuina. Unió mapatik desagertu da, CiUko sektorerik atzerakoiena, PdCateko sektore kontserbadoreena ere desplazatu egin dute, batzuek dimititu egin dute eta beste batzuk albo batean geratu dira. Eskuin ekonomikoak, berriz, ez du sekula babestu prozesua. Fase honetan, enpresa ertain eta txikien patronala ere duda-mudatan ikusten dugu. Hasieratik borroka izugarria egin dute independentismoaren aurka patronal guztiek, bankuek, elite katalan eta espainiarrek. Hori garrantzitsua da, nazioarteko eragile askok aipatu baitigute atzerrian zabaltzen ari dela hau burgesiaren proiektu bat dela, Kataluniako prozesua Italia iparraldeko prozesuarekin parekatzen dutela. Eta ez da hala.

Espainiako ezkerrarekin eztabaidan ikusi zaitugu...

Eztabaida sutsu eta publikoa egitea erabaki genuen oso atsekabetuta geundelako Espainiako ezkerrarekin, beste zerbait espero genuelako. Espainiako eta Kataluniako eskuinekin ez nago atsekabetuta, badakigulako zein agertoki saiatuko diren ekiditen beti, baina Espainiako ezkerrak huts egin digu. Gai ekonomiko eta sozialetan eztabaida interesgarriak partekatu ditugun jendea oso atzerakoi ikusi dugu gai nazionalari dagokionean. Espainiako eta Kataluniako ezker ez-independentistek ez dute eztabaidarik egin gai honen inguruan azken 40 urteetan. Manuel Delgado komunistak kontatzen duenez, posizio ezberdinak zeudelako eta ez zelako “lehentasunezkoa”. Ezkerraren ikuskera oso etapista iruditzen zait, nolabait esanez “lehenik klase kontraesanak konpondu behar dira, eta gero beren pisuz eroriko dira beste gaiak, izan generoari lotuak edo auzi nazionala. Ezkerreko erreferente hauek beste gai askotan kritikatu izan duten marxismo ortodoxoaren ikuskera da. Nazionalismo espainiar naturalizatua ezkutatzen dute. Autodeterminazioa ez dute ikusten borrokatuz irabazten den eskubide gisa, baizik eta, soilik itun bidez konpon daitekeen zerbait, eta itun hori lortzeko Espainiako Estatuko indar harreman guztia aldatu behar da. Hori akatsa da, jendeak ulertu behar baitu herrien autodeterminazio eskubidea urratuz eraiki dela Espainiako Estatua. Eskubide hau egikaritzeak estatuko klase herrikoi guztiak inplikatu behar lituzke.

Argazkia: Lander Arbelaitz

Zer iruditu zitzaizun Urkullu lehendakariaren bitartekaritza?

Estatuko nazioek dituzten proiektu nazionalen alderik okerrena gorpuzten du EAJk. Gai nazionala status quoa indartzeko erabiltzen du, Euskal Herriko bere klase interesak kudeatzeko, eta gainera, beste proiektu nazionalen xedeak kaltetzen ditu, beren burua aurkeztuz nazionalista zentzudun bezala. Azken hilabeteetan prozesu katalanarekiko paperik kaltegarriena jokatu du EAJk.

Eta Puigdemont hauteskundeetara joateko prest egotea?

Prozesuaren fase oso elitistan gaudela agerian uzten du U1eko aginte herrikoia bertan behera uzteak. Autodeterminazioaren aldeko eta Estatuaren aurkako borroka objektiboki pertsonifikatu dutelako, mugimendu soberanistaren babesa duten pertsona batzuek gaitasuna dute atzera egiteko. Horrek gehiago kezkatzen nau EAJrenak baino.

Azkenean errepublika aldarrikatu zenuten eta Espainiako Estatuak 155. artikulua indarrean jarri du. Zer espero duzue?

Elkarrizketa hau ziurgabetasun handiko une batean egiten didazu. Estatuak erakutsi du fase errepresibo garrantzitsu bati ekiteko gai dela, baina kontziente dela, jarrera erabat biolentoa hartzeak bere zilegitasunari azpiak jaten dizkiola etxean eta kanpoan. Tuskek Rajoyri esan zion biolentziarik gabe konpontzeko eta horrek mugatu egiten du Estatuak 155. artikulua aplikatzeko duen margena. Adibidez, ikusi du TV3, Catalunya Ràdio eta ACNko langileen erresistentzia eta horregatik utzi ditu hedabideak albo batera. Badakite oso zaila izango dutela hezkuntzaren alorrean eskua sartzea, murrizketak pairatu arren, oso ongi baloratutako sektorea delako. Huts egingo dute hor sartzen saiatzen badira. Alde horretatik baikorrak izan gaitezke, baina Kataluniako Gobernuko kideen aurka errepresio kanpaina gogorra dator: kontseilariak karguetatik kenduko dituzte, atxiloketak egon daitezke, eta hor erreferendumetik antolatzen ari diren herri mugimenduek paper garrantzitsua dute jokatzeko.

Nola dago kalearen eta instituzioen arteko harremana?

Ez nago ziur Kataluniako Gobernuak konfiantzarik duen herri mugimendu horretan, ea konturatzen den zer nolako indarra izatera hel daitekeen. Aldarrikapenaren osteko lehen erreakzioetan ez dira oso adore-emaile ibili. Errepublikaren aldarrikapena gauzatzeko dauden zailtasun objektiboak ikusita –lurraldearen kontrola edo estatuaren oinarriak jartzea–, askok agindu garbiagoak espero genituen mobilizazio iraunkorra mantentzeko. Gatazkaren bidez Espainiako Estatua mahai batean eserarazi behar dugu. Gauza asko dago negoziatzeko. Uste dut Kataluniako Gobernua zalantzan dagoela, ez duela sartu nahi eszenario batean non ez duen kontrolatzen orain kontrolatzen duen bezainbeste. Hori akatsa izango da, egunotan ikusiko da, Kataluniako Errepublikaren hedatzea soilik posible izango dela mobilizazio iraunkor eta transbertsal baten babesarekin. Kataluniako Poliziak agindu judizialak beteko ditu, ez dugu gaitasunik zergak biltzeko nahiz eta egitura batzuk antolatu diren. Daukagun gauza bakarra da ezegonkortasun ekonomiko eta politikoa eragitea, Estatuari kalte eginez, eta nazioarteko agenteak bertan sartzera behartuz, negoziazio mahai hori gauza dadin.

Zein dira aurrera begirako gakoak?

“Prozesu katalanarekiko paperik kaltegarriena jokatu du EAJk”

Trantsizio legeak jasotzen duen prozesu konstituziogilea edukiz betetzea izango da ezker independentistaren erronka handiena. Nazionalistak ez garen jende asko sartu gara prozesura arrazoi horregatik. Badago aurrerakoia den hegemonia sozial bat, politika publiko eta komunitarioak aurrera eramateko, austerokraziaren eta Troikaren diktaduraren alternatibaren adibide izan daitezen. Uste dut egiteko moduan gaudela, agian independentista ere ez diren aliatuekin, eta uste dut gauden momentu politikoan bide erakusle izan daitekeela, Europan anomalia bat. Errepublika modu efektiboan nola eraiki nahi dugun eztabaidatu behar dugu, zailtasunak zailtasun, objektibo eta materialak.

Europar Batasunak Kataluniarekiko duen jarrerak hauspotu dezake erakunde honekiko kritika?

Bai, Europar Batasunari buruz Kataluniako gizarteak duen pertzepzio errealista hobetzen laguntzen du. Argiago ikusten da zein diren instituzioen muga erreal eta faktikoak, bai Kataluniako herriaren emantzipazioari, baita langile klasearen emantzipazio sozialari dagokionean ere. Prozesu interesgarria da. Guk gainera, urteak daramatzagu kapitalismoaren eta Europar Batasunaren aurkako pedagogia egiten, inor gutxi bezala. Europar Batasuna zer den norbaitek argi badu, hori Kataluniako ezker independentista da, eta beste ezker batzuei zer pentsatu eman behar lieke, bide batez esateko. Hala ere, errealistak izan behar dugu, eta estatu baten eraikuntzak beste estatuen aitortza eskatzen du. EBren aitortzarik eduki ez arren, estrategia batzuk garatu behar ditugu Europa eta munduko ezkerrekin batera, Kataluniako egoeraren ezagutza eta errepublikaren aitortza zabaltzen joan dadin pixkana. Ikusiko dugu.

Europan Greziak bizi izan zuen egoera erreproduzi dezake Kataluniak? Herritarren eskaera versus goitik behera datorren ukazioa?

Hasteko, Grezian gertatuari buruz ados nago Arnado Otegirekin: Europako klase herritarrek ez zuten ikusi Greziako herriaren borrokak elkartasun guztia eskatzen zuela, eskala globaleko borroka zela. Eta Kataluniako auzi nazionalari dagokionez, kontinenteko eta Mediterraniako mugimendu askatzaileak okertu egingo lirateke ez balute ikusiko Kataluniako herrian lantzaren punta dela eskubide demokratikoen, nazionalen eta zibilen konkistaren aldeko borrokan. Berdin estaturik gabeko mundu osoko herriekin. Hala ere, espero dugu ez amaitzea Grezian bezala.

Estatutik hauteskundeak deitu dituzte... nola atera zurrunbilo honetatik?

Elkarrizketa egiten didazu gauza asko gertatzen ari diren unean, eta ez daukagu oso garbi zein izango den Kataluniako Gobernuaren posizioa fase errepresibo honen aurrean. Ikusiko dugu. Uste dut, Gobernuak aurrera tinko egiten badu, modu efektiboan hedatuz dekretuak eta Errepublikaren legaltasuna eraikiz, instituzionalizazio bikoitza eta gatazka egoera ekarriko du. Hala ere, agertoki irekia da, ikusi behar baitugu ea Estatuaren errepresioa efektiboa den egin nahi duenerako. Ikusiko dugu ea kargu publikoak atxilotzen dituzten, ea herri mugimenduen erantzuna zein den eta orduan argazki osoagoa izango dugu agertokiak aztertzeko.

Zu PAHko militante ere bazara Sabadellen. Nola bizi duzue prozesu independentista horrelako espazio politikoetan?

Gezurretan ariko nintzateke esango banizu eztabaidatzen dela, errepresioaren aurkako dinamikei babes osoa ematetik harago. Ez dago eztabaida hau modu irekian, eta nik uste sanoa dela hala izatea. Nik bost urte daramatzat PAHn militatzen, eta nik bezala, askok azken aldian ezin diogu lehen eskaintzen genion energia guztia eskaini, baina itzuliko gara. Eraiki behar diren burujabetza horietarako erreferente direlako, auto-antolatzen den jendea delako, beren bizitzaren ardura beren gain hartzen dutelako eta desobedientzia naturalizatzen dutelako. Sabadellen lau etxebizitza bloke dauzkagu okupatuta, etxerik gabeko jendea bizi dadin. Elkartasun terminoetan berreraiki egiten ditugu krisi ekonomikoagatik kaltetutako lotura sozialak, eta sozialki zabaltzen duen praktikak eraiki. Garrantzitsua da espazio hauek bultzatzen jarraitzea, nahiz eta zaila den horrelako momentuetan leku guztietara heltzea.

*  *  *  *  *

Arrazismoaren aurkako errima tailerrak

At Versaris izeneko rap taldean parte hartu izan du Pau Llonchek, abestien eduki kritikoagatik ezagunak, ezker antikapitalistarekin lotutako taldea. Kontzertuak ematen urteak egin ostean, ekimen hau abiatu zuten orain bost urte: haurrei errima tailerrak ematea, rapeatzen ikas dezaten eta eduki kritikoak lantzeko beste modu bat izan dezaten. Hasieratik potentzialtasun handia ikusi ziotela diote, eta egun hiru kide aritzen dira horretan. Hezkuntza alorretik proposamena gogo biziz hartu zutela kontatu digu Llonchek. Egun, Kataluniako Bigarren Hezkuntzako institutuetara joaten dira eta iaz 5.000 ikaslerengana heldu ziren. Arrakastaren gakoei buruz galdetuta, ondorengoa dio: “Aktualitateari buruzko gogoeta kritikoak bultzatzen ditugu, ikasgeletara sartu. Gazteentzat gertukoa den tresna batekin egiten dugu, kritikoki adierazteko aukera ematen dien rap musikaren bidez”. Eskuin muturraren igoeraz, arrazismoaz, xenofobiaz, sexismoaz eta besteri buruz egiten dituzte letrak gazteek, eta gero elkarri abesten dizkiete gelaren aurrean. “Dinamika ederra da eta hezkuntzan eragina du, oso pozik eta gogobeteta gaude. Gazteei gustatu egiten zaiela ikusteak eskertasuna eragiten digu. Tailerraren filosofia da kontzientziak eraldatzea praktikaren bidez, kasu honetan, praxi kulturalaren bidez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


hauteskunde aurrerapena Katalunian
Juntsek dio Puigdemont izango dela bere hautagaia maiatzaren 12ko hauteskundeetan

Pere Aragonès Generalitateko presidenteak asteazken honetan aurreratu ditu Kataluniako hauteskunde autonomikoak, En Comú-rekin batera atera behar zituen 2024ko aurrekontuek porrot egin ondoren. Juntsek iragarri du bere hautagaia Carles Puigdemont izango dela; azken... [+]


Azken 20 urteetan etxebizitzetako ur grisak birziklatzen ditu Kataluniako herri batek

Ura aurrezteko ordenantzak onartu nahi dituzten udal guztiak, tartean Bartzelona, Sant Cugat del Vallèsera joaten dira. Udalerri horrek ura aurrezteko bere lehen araudia onartu zuen 2002an, eta 2008an eta 2018an eguneratu zuen, murriztaileagoa izan zedin.


Kopa eta kulero menstrualak doan Katalunian

Kopa baten, kulero menstrual baten edo konpresa berrerabilgarri pare baten artean aukeratu ahal izango da.


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude