Mobilizatzera deitu dute Gasteizen, udalaren politika baztertzaileen aurka eta kale egoeran daudenei babesa emateko

  • Ostegun arratsalderako kontzentrazioa antolatu du Gasteiz Antiarrazistak, Arrazakeriari stop! Elkartasuna URSSA eta EGAko bizilagunekin lelopean. Igandean, Salburuko Harrera Sareak deituta, salatuko dute Espainiako Poliziaren komisaria aurrean bizitzen hilabeteak daramatzaten 50 asilo eskatzaileren egoera larria are gehiago larriagotuko dela.

70 poliziak hartu zuten parte asteazken goizeko operatiboan. Zigor Olabarria Oleaga | ARGIA CC-BY-SA

2026ko maiatzaren 28an - 11:06
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Asteazkenean, etxerik gabeko ehun pertsona baino gehiagoren bizileku diren URSSA eta EGA fabrikak miatzeko eta bertan bizi diren etxegabeak identifikatzeko Polizia operazio erraldoia egin zuten Gasteizen. Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Espainiako Poliziaren 70 agentek hartu zuten parte "lapurreta prebentziorako dispositiboan". 120 pertsona inguru banan-banan identifikatu zituzten, batzuei dokumentazioa kendu ere, eta Atzerritartasun Bulegoan aurkezteko hitzordua eman zieten.

Asteazkeneko operazioa salatzeko, Arrazakeriari stop! Elkartasuna URSSA eta EGAko bizilagunekin lelopean mobilizazioa deitu du Gasteiz Antiarrazista taldeak. "URSSAN eta EGAn bizi diren pertsonek eraso arrazista bat pairatu dute, beste behin ere. Poliziaren eta komunikabideen laguntzaz Gasteizko Udalak bortizki jazarri zaie bertan bizi diren ehunka pertsonei", salatu du. Plaza Berrian jarri dute hitzordua, 19:30ean.

Ehun pertsona bain ogehiago bizi dira URSSA lantegi abandonatuan, argindarrik eta urik gabe. Zigor Olabarria Oleaga | ARGIA CC-BY-SA
URSSA lantegiaren sarrera Zigor Olabarria Oleaga | ARGIA CC-BY-SA

URSSA eta EGA fabriketan aspaldi bizi dira kale egoeran dauden dozenaka pertsona. Azken asteotan foku informatiboa bereganatu dute lantegiek. Batetik, Errekaleorrek gertakari larriak salatu zituen: azaldu zuen URSSAn bizi den pertsona talde batek auzokideei eraso egin ziela, batzuk larri zaurituta, eta erasoaren atzean Ertzaintza zegoela. URSSAn bizi den herritar baten lekukotasuna argitaratu zuten Hala Bedik eta Arabako Aleak, Ertzaintzaren ardura baieztatzen duena. Astelehenean agerraldi masiboa egin zuten Gasteizko 47 eragilek, Ertzaintzaren jarduna salatzeko eta besteak beste, kale egoeran dauden pertsonentzako baliabideak eskatzeko. Bestetik, zenbait komunikabidek eta ordezkari politikok fokuan mantendu dituzte bertan bizi diren pertsonak, lapurretekin edo gatazkekin erlazionatuta.

50 asilo eskatzaile "kale gorrian" geratzeko arriskuan

Hilabeteak dira Malitik heldutako dozenaka herritar Espainiako Poliziaren aurrean bizi direla. Asiloa eskatzen dute, eta komisaria horretan egiten dira izapideak. Apirilaren 22an urgentziazko prentsa agerraldia egin zuen Salburuko Harrera sareak. Azaldu zuen hilabeteak zeramatzala pertsona horientzako oinarrizko betebeharrak bermatzen, besteak beste lo egiteko lekua auzo elkartean eta bi elizetan jarrita, baina baliabide horiek amaitzear zeudela. Asilo eskaerak bideratzea eta bien bitartean askatzaileen oinarrizko beharrak asetzea erakundeen lana dela azpimarratu zuten agerraldian, eta ardura hartzeko eskatu zieten.

"Negurako lortutako baliabideak amaitzean larrialdi humanitarioa areagotu egingo da", salatu zuten orduan. Hori horrela da, eta azken egunetan ohartarazi du "igandetik aurrera 50 asilo-eskatzaile kale gorrian" geratuko direla. Egoera salatzeko mobilizazioa deitu du Salburuko Harrera sareak, Erakundeek abandonatuta. Konponbidea orain! lelopean. 19:30ean bilduko dira Martxoak 8 etorbideko biribilgunean, haun da, "haien bizi-lekuan".


Bazterkeria kanalean gehiago
2026ko ekainaren 1
Barra warroak
Gaur

2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...