Gasteizko Udalak ez du onartu euskarazko akats larriak zituen oposizio azterketa baliogabetzea

  • “Haragi-tamainako argazkia”, “txorrota batek ura darigula” edo “pertsona gortasun bat” ziren Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako euskarazko azterketaren akatsetako batzuk. 100 galdera-erantzunetatik 36tan zeuden akatsak. Azterketa egin zuten gutxienez bi herritarrek helegitea aurkeztu zuten, azterketa osoa baliogabetzea eskatuta, edo behintzat akatsak zituzten galderak. Udalak ez du onartu galdera bakar bat ere baliogabetzea. Erabakiarekin haserre agertu dira helegiteak aurkeztu zituzten herritarrak.

Azterketaren akatsetako batzuk ARGIA

2026ko urriaren 5 - 07:45
Azken eguneraketa: 09:33
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Maiatzean Lan Eskaintza Publiko handi baterako hainbat azterketa egin zituen Gasteizko Udalak. ARGIAri emandako elkarrizketan Amagoia Gordobil eta Jagoba Apaolaza azterketariek salatu zuten udalaren lan deialdiko hainbat azterketan zeudela akatsak, baita horretara ohituta daudela ere, baina Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako azterketaren akatsak orokorrak eta larriak izan zirela. ARGIAk azterketa eskuratu eta aztertu zuen: 100 galdera-erantzunetatik 36tan zeuden akatsak, batzuetan bat baino gehiago, oso agerikoak, eta batzuk larriak, testuaren ulerkera bera zailtzeraino. Azterketaren aurretik, apirilean, udalaren Funtzio Publikoko Sailak oharra bidali zien froga euskaraz egitea aukeratu zuten herritarrei, azterketa gazteleraz egiteko aukera emanez, ikasmaterial gehiena gazteleraz dagoela argudiatuta.

Azterketa egunean, ulermen arazoen eta kexen aurrean, arduradunek frogaren gaztelerazko bertsioa eman zieten azterketa euskaraz egitea hautatu zuten pertsonei, testuak alderatu zitzaten.

Helegiteak

Ekainean azterketari helegiteak aurkezteko epea ireki zen, eta behintzat bi herritarrek aurkeztu zituzten alegazioak euskara akatsengatik.

Batetik, azterketa osoa baliogabetzea eskatu zuten, nahiz eta udalaren arautegiak soilik galdera jakinak errekurritzea baimentzen duen. Argudiatu zuten, besteak beste, akatsek ziurgabetasuna eragiten dutela galderak ulertu eta interpretatzeko orduan, gaztelerazko bertsioak banatu izanak frogatzen duela arduradunen ustetan testua ez zela ulergarria, euskarazko eta gaztelerazko bertsioak alderatzen aritubehar izateak azterketarako denbora gutxiago izatea ekarri ziela, eta horrek guztiak azterketa gaztelaniaz egin zutenekin desabantailan jarri zituela.

Bestetik, akatsak zituzten galderei banan-banan jarri zizkieten helegiteak, 30etik gora. Horrela laburbiltzen ditu galderetako akatsak helegiteetako batek: Ortografia akatsak, 1; existitzen ez diren hitzak, 3; itzuli gabeko hitzak/siglak 5; bi hizkuntzatan emandako hitzak/siglak, 6; gaizki itzulitako terminologia/siglak; gaizki itzulitako zentzurik gabeko esaldiak, 7; akats morfosintaktikoak, 1; puntuazio eta egitura akatsak, 7; erratak, 34.

Ekainean, ARGIAren galderei idatziz eta gaztelera hutsean emandako erantzunean, Gasteizko Udaleko Funtzio Publikoko Sailak akatsak onartu eta adierazi zuen ez zutela gertatu behar, baina ukatu zuen inongo hizkuntz edo lan eskubide urraketarik egon zenik, hain zuzen ere azterketariei gaztelerazko bertsioa eskaini zitzaielako. Berdina adierazi zuen ondoren Jon Armentia PSEko zinegotziak Funtzio Publikoaren batzordean. EAJ-PSE udal gobernuak ziurtatu zuen neurriak hartuko zituela horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Gasteizko Udalaren Funtzio Publikoaren batzordean aztertu zituzten proben ingurukoak. Gasteizko Udala

Udalaren erantzuna

Udalak irailaren 23an eman ditu ezagutzera maiatzeko oposizio azterketen emaitzak, eta horiekin batera jakinarazi du helegiteei eman dizkien erantzunak. Esan bezala, araudiak ez du ematen azterketa osorik baliogabetzeko aukera, eta udalak eskaera horri erantzun ere ez dio egin. Galderei dagokionez, bi baliogabetu ditu, euskararekin zerikusirik ez duen arrazoi batengatik. Beste helegite guztiei esaldi bakarrarekin erantzun die udalak: “Gainerako alegazioak ezetsi egin dira”. Ez du arrazoibiderik ematen.

Erantzunak badu beste ezaugarri deigarri bat, behintzat Hizkuntza Normalizaziorako Teknikari lanposturako azterketari aurkeztutako helegiteei emandako erantzunarekin alderatuta. Azken horretan, zehaztu egiten da helegitea onartu gabe ere zenbat eta zeintzuk diren errekurritutako galderak: “Onartu ez diren erreklamazioak dituzten galderak: [azterketaren] A/D eredua: 4, 10, 18, 20, 24, 26, 27; B eredua: 1, 4, 9, 10, 13”. Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako azterketaren aurkako helegiteen kasuan, ez bata, ez bestea. "Agian, zerrenda luzeegia litzatekeelako?", dio helegitegileetako batek. 

Amagoia Gordobil eta Jagoba Apaolaza Zigor Olabarria Oleaga / ARGIA CC BY SA

“Lotsagarria da”

ARGIA helegiteak aurkeztu zituzten Amagoia Gordobil eta Jagoba Apaolaza azterketariekin harremanetan jarri da, beren iritzia jasotzeko. “Lotsagarria da”, adierazi du Apaolazak. Udalak helegite “bat bera ere ez onartzea” kritikatu du, baina, azpimarratu du, “are ulergaitzagoa da arrazoirik ere ez ematea”. Galdera bakoitzeko helegite ezberdin bat aurkeztea eskatzen zuen prozedurak, Apaolazak 36 jarri zituen. Eskainitako denboragatik galdetu diogu: “Ez dakit, baina hainbat ordu, papeleoa bete, akatsa zehatza bilatu eta transkribatu… eta bueltan ezezko borobila eta azalpen bat bera ere ez”.

“Argi geratu behar da gure eskubidea dela, eta gauza garrantzitsua dela, ez da huskeria bat” (Amagoia Gordobil)

Gordobilek atzerago jo du gertatutakoaren balorazio orokorragoa egiteko. “Salaketa publikoa egin nuenean, bi helburu nituen: udalaren jarrera agerian uztea, eta berriro ez gertatzea”. Pozik agertu da lehen helburuari dagokionez. Salaketak oihartzuna izan zuen hainbat komunikabideetan, lehenik (euskaldunetan soilik), eta udalean, ondoren: “Udaleko pertsona bat etorri zitzaidan, zer edo zer mugitu zen, hautsak harrotu zituen”.

Bigarren helburua berriro antzekorik ez gertatzea zen, eta udalak “helegite bat bera ere” onartu ez izana seinale txarra dela deritzo. Erabakiak haserrea sortu dio, harritu ez badu ere. “Gertatutako guztiak ondoriorik izango du hurrengo deialdietan?”, bota du galdera.

Oro har, zapore “gazi-gozoa” geratu zaio Gordobili. “Argi geratu behar da gure eskubidea dela, eta gauza garrantzitsua dela, ez da huskeria bat”, amaitu du.


2026ko urriaren 19
Frantziaren ofentsibak ez du etenik euskararen aurka
Polizia Judizialak EEPko bi ordezkari deklaratzera deitu ditu

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.