Ostiralean Gasteizko Santsomendi auzoan etxetik botatako familiaren aurkako “kriminalizazio eta difamazio” kanpaina martxan jarri dutela gaitzetsi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gasteizko Udalari eta El Correo-ri “gezurrak” zabaltzea eta gertatutakoaren inguruko “marko klasista eta arrazista” sortzea egotzi diote, “ erantzukizun instituzionala ezkutatzeko”.
Sei adin txikiko dituen familia bat bota zuten etxetik Santsomendi auzoan ostiralean, eta bortizkeriaz aritu zen Ertzaintza etxegabetzea gelditzera gerturatutako lagunen aurka. 100 zauritu inguru izan ziren, ostiral arratsaldeko mobilizazioan salatu zutenez. Baina gatazka ez da Santsomendi auzoan bukatu. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, Gasteizko Udalak eta El Correo egunkariak familiaren aurkako "buloak" zabaldu dituzte, eta horietan esandakoa argitu dituzte.
Batetik, gizarte-zerbitzuek familiari alternatiba eskaini ziotela eta hauek "bizitoki-alternatiba bati uko egin" diola esan du Gasteizko Udalak. Sindikatuak argitu duenez, "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek alokairuko etxebizitzen zerrenda bat baino ez dute eskaini, gehienak pisu turistikoak, eta familiak deitu behar zuen horietara, merkatu librean alokairua aurkitzen saiatzeko. Hala egin zuten, bat ere emaitzarik gabe". Are gehiago, instituzioen aldetik “funtzio-utzikera” eman dela arbuiatu dute, Espainiako Estatuko nahiz EAEko legediak markatzen baitu ezin dela adin txikikoak dituen familia bat etxetik bota bizitoki-alternatibarik ez badago.
Eta bestetik, etxegabetutako familiaren diru sarrerak ere aipatu dituzte. Izan ere, El Correok argitaratu zuen 2.450 euroko diru-laguntza publikoak jasotzen dituela, eta difamazio kanpainiaren gakoetako bat bihurtu da hori. Sindikatuak adierazi du datu hori egunkariak egindako “estimazio faltsu” bat baino ez dela, eta familiak laguntzak jasotzen dituela “horretarako eskubidea duelako”, baina jasotzen duten zenbatekoa hilabetearen arabera aldatzen dela. Are gehiago, diru-laguntzen argumentuak “pertsona arrazializatuekiko gorrotoa sortzeko” helburua duela ohartarazi du sindikatuak, eta azpimarratu dute zaila dela etxejabeek familien eskaerak onartzea, "batez ere, hainbeste adin txikiko tartean daudenean”. Horren aurrean “babestutako merkatuak” alternatiba eskaintzeko duen ezintasuna azpimarratu zute.
Azkenik, Santsomendin ezarritako Ertzaintza eta Udaltzaingoaren dispositibo zabala gaitzetsi dute: “Polizia-dispositiboaren dimentsioak ez du aurrekaririk, gutxienez, Kukutzako Gaztetxearen desalojotik (Bilbo, 2011ko irailean)”. Izan ere, ehunka pilotakada tiro egin zituzten zuzenean pertsonen aurka, familia etxegabetu ostean ere, eta “horrelako dispositibo batek Eusko Jaurlaritzaren azalpenak eskatzen” ditu beren ustez.