Gasteizko lorezainaren kaleratzea baliogabetu dute

  • Enviserrek lorezain bat bota zuen urrian, greba bukatu eta gutxira. Orain, epaile batek kaeratzea nuloa izan zela adierazi du

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko apirilaren 20an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:04
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Joan den urriaren 21ean, Gasteizko lorezain bat kaleratu zuen Enviserrek. Kaleratzea lorezainek aurrera eramandako ia 200 eguneko greba bukatu eta gutxira gertatu zen, eta kaleratutako langilea greban parte hartu zuen, eta ESK sindikatuak jakinarazi zuenez grebalari “aktiboenetako” bat izan zen.

ESK-k kaleratzea justifikaziorik gabea izan zela salatu zuen, eta “kaleratzea baliogabetzeko eta Juan gure lankidea berriz onartzeko” auzitegietara jo zuen. Epaiketa martxoaren 16an izan zen, eta epaiak modu argian adierazi du kaleratzea nuloa izan zela, grebarako oinarrizko eskubidea urratzeagatik. Ondorioz, enpresak kaleratutako behargina berriro hartu beharko du, 7.501 euroko kalte ordainak eman beharko dizkio eta kanporatuta egon den bitarteko soldatak jaso beharko ditu.

Aipatutako sindikatuak azaldu duenez, enpresak greban parte hartu zuten langileak zigortzea bilatzen zuen kaleratzearekin eta horregatik grebalari aktiboenetako bat botatzea erabaki zuen. Enpresak kaleratzea probaldian izan zela alegatu zuen, baina epaiak kontrakoa frogatu du.

Gasteizko Udalak parke eta lorategiak mantentzeko azpikontratatutako enpresa da Enviser, eta bertako langileak 198 egunez egon ziren greban pasa den urtean, euren lan baldintzak hobetzearen alde. Egindako borrokari esker, soldata igoerak eta lanordu murrizketak lortu zituzten lorezainek.

Zerbitzu publikoen azpikontratazioa

ESKren ustetan, “eskrupulurik ez dutenek” diru publikoaren eta langile klasearen prekarietatearen kontura aberasten dira zerbitzu publikoen azpikontratazioari esker. Politika horiei “modu serio eta beheralakoan ekiteko garaia” dela adierazi dute, eta baita “lankidetza publiko-pribatua deitzen dutena porrot egindako eredua dela” ere.

Udalak gatazkan hartutako posizioa ere salatu dute lorezainek. Zehazki Beatriz Artolazabal zinegotzia seinalatu dute, langileen greba eskubidea urratzeagatik eta bere kargua berehala uzteko exijitu diote.

Gasteizko lorezainen esperientzia azpikontatazioaren kontrako erreferentzia eta eredu direla azpimarratu du ESKk, eta bidegabekeriei modu kolektiboan aurre egitearen beharrezkotasuna mahaigaineratu dute.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.