Gasteizko Txosna Batzordeak GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan parte hartzeko aukera ukatu diela salatu dute. Batzordeari zuzendutako gutun batean txosnagunea espazio ireki, plural, horizontal eta autogestionatua dela aldarrikatu eta konponbide baten aldeko kontsentsua sustatzen jarraituko dutela adierazi dute.
Txosna Batzordeak GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan parte hartzeko eskubidea ukatu izana salatu dute Gasteizko herri mugimenduko zenbait kidek.
Gasteizko Txosna Batzordeari zuzendutako gutun batean, sinatzaileek gogora ekarri dute Gasteizko Txosnak herri mugimenduaren borrokari esker sortu zirela, eta azkenengo 40 urteetan etapa ezberdinak igaro dituzten arren “beti mantendu izan dute euren izaera herrikoi, ireki eta parte hartzailea; alegia, herri mugimenduko sentsibilitate politiko guztiek eduki izan dute bertan parte hartzeko aukera”. Azaldu dutenez, ezberdintasun politikoen gainetik, beti existitu da adostutako elkarlanerako oinarria.
Zentzu horretan, egoerari behin betiko irtenbidea ematea beharrezkoa dela azpimarratu dute. GKS eta Etxebizitza Sindikatuak espazio txosneroan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute herri mugimenduko kideek, Txosna Batzordea osatzen duten gainontzeko eragileek dituzten baldintza berdinetan.
Kontraesankortzat jo dute gasteiztarrak txosna giroan parte hartzera gonbidatzea eta aldi berean herri mugimenduan errotuta dauden bi kolektiboei parte hartzeko eskubidea ukatzea. Ohartarazi dutenez, ez dute halako “zentsurarik” onartuko, eta txosnagunea espazio ireki, plural, horizontal eta autogestionatua izatearen aldeko apustuan berretsi dira.
Horregatik, Txosna Batzordea osatzen duten eragile guztiei beharrezkoak diren ahaleginak egitea eskatu diete, ezberdintasun ideologikoen gainetik txosnagunea partekatu ahal izateko. “Oinarri adostu baten baitan, bere jarraikortasuna bermatuko duena, irekia izango dena eta elkarlanerako espazio alternatibo eta autogestionatua izango dena”, nabarmendu dute.
Gutuna sinatu dutenek konponbide baten aldeko kontsentsua sustatzen jarraituko dutela adierazi dute, GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzea bermatzeko helburuarekin. Gogorarazi dutenez, 2023an antzeko ekimen bat bultzatu zuten, herri mugimenduko 50 kide baino gehiagoren babesa jaso zuena. Blokeoa gainditzera bidean, egoera sozializatzen eta babesak jasotzen jarraituko dutela azaldu dute.
Sinatzaileak:
Iñaki Uribarri
Nerea Perez
Kike Fdz de Pinedo
Ilde Urkijo
Txerra Bolinaga
Miguel Sagarribai
Ruben Sanchez
Gladis Giraldo
Irati Fernandez de Okariz
Ana Pino
Andoitz Aperribai
Bego Oleaga
Eli Zaldua
Imanol Olabarria
Fernando Txiki Antia
Iñaki Txusko Perez
Javi Aguillo
Lucia Moreno
Oier Azkarraga
Paka Robles
Rebeka Gonzalez de Alaiza