Gasteizko bi kaleren izenak aldatu dituzte frankismoaren arrastoak ezabatzeko

  • Gasteizko Udalak San Martin auzoko Saenz de Tejada eta Vicente Abreu kaleen izenak aldatu ditu diktadura frankistarekin izandako loturagatik: aurrerantzean, Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo kaleak izango dira, hurrenez hurren.


2026ko urriaren 21 - 10:35
Azken eguneraketa: 11:35
Udal langile bat Saenz de Tejada margolariaren plaka kentzen Gasteizko Udala
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak uztailean iragarritakoa jarraituta, udalak margolari izenez jositako San Martin auzoko bi kaleren izenak aldatu ditu. Zehazki, Saenz de Tejada kaleak Paz Diaz de Espada izena hartuko du; eta Vicente Abreu kalea, aldiz, Frida Kahlo deituko da. 

Carlos Saenz de Tejada Arabar Errioxako Guardiako bizitza kulturalari estuki lotuta egon zen. 1936ko estatu kolpearekin bat egin zuen, eta bando frankistarentzat marrazki ugari ekoitzi zituen, erregimenaren propagandarako erabili zirenak. Bere ordez, Paz Diaz de Espada margolari gasteiztarra aukeratu dute, errepublikar baten alaba. Margolari arabarra Espainiar Estatuko akuarelista garrantzitsuenetako bat zen, eta hainbat sari irabazi zituen, 2021ean hil zen arte.

Vicente Abreu, bere aldetik, margolaria izateaz gain, 1936an errepublikarren aurkako altxamendu militarrean aktiboki parte hartu zuen militarra izan zen. Arabako Foru Aldundi frankistako ahaldun nagusia izan zen 1943tik 1944ra bitartean, eta Aldundiak duela gutxi kendu dio ofizialki Arabako domina. Kalearen izen berria mundu osoan ezaguna den Frida Kahlo (1907-1954) artista mexikarrak eskuratu du. 

Alkatearen esanetan, diktadura frankistarekin lotutako izendapenak kale izendegitik ezabatzea ezinbestekoa da hirian memoria demokratikoa sustatzeko. Ildo horretan, Etxebarriak "kale izendegian emakumeen izen gehiago sartu beharko" liratekeela adierazi du. Hurrengo urratsa Miñaon (Araba) dagoen Juan de la Cierva kalearen izena aldatzea izango da, Margarita Salas biokimikariaren izenarekin ordezkatzeko. De la Cierva asmatzaile eta zientzialari aeronautikoa izan zen, eta 1936an altxatutako armada faxista lagundu zuen.


Frankismoa kanalean gehiago
2026ko irailaren 30
ARGIAren Hemeroteka berria
Esan zirenak, esango direnak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.